Ia 6.000 milioi euroko zorretik 171 kitatzea eskatu dio Parlamentu Sozialak Nafarroako Gobernuari

  • Horixe da Nafarroako Parlamentu Sozialak Nafarroako Gobernuari eskatzen diona: legealdi honetan ordaindu beharreko zorraren zatitik 171 milioi euroko kitapena egitea bankuekin, hauei zor zaien zati bat ilegitimo edo onartezintzat joz.


2017ko ekainaren 29an - 12:21
Parlamentu Sozialaren mobilizazio bat bankuen erreskateak salatuz. (Arg.: Parlamentu Soziala)

Parlamentu Soziala 30en bat elkartek osatutako elkargunea da eta beren helburua diru publikoaren finantzak kontrolatzea da. Hilaren 21ean parlamentu honetako ordezkari Javier Onieva eta Joan Josep Bosch egon ziren Legebiltzarrean eta Nafarroako Gobernuaren zorraren auditoria egitea eskatu zioten. 2000-2015 urteetan pilatutako zorra aztertu dute eta haien ustez amortizazio eta interesetan ordaintzen ari diren kopuruetatik 171 milioi euroren kitapena negoziatu beharko litzateke bankuekin.

Nafarroako Kontuen Ganberak Nafarroako Gobernuari zorraz egindako txostena azaldu zuten. 2015aren amaieran gobernuak 3.322 milioi euroko zorra zuen, hau da, urteko bere aurrekontua baino pixka bat gutxiago. Horietatik 1.786 milioi zor publikoaren jaulkipenak dira eta 1.076 milioi banku maileguak.

Ia 6.000 milioi euroko zorra

Hala ere, Boschek azaldu zuenez, zorra “prentsan azaltzen den hori baino handiagoa da”: Gobernuak baditu 149 milioi euro enpresei egindako abaletan eta Sodenak –abalak eskaintzen dituen enpresa publikoak– beste 340 milioi. Horrez gain, jubilatutako funtzionarioei beste 2.100 milioi euro zor zaie pentsiotan. Hau da, bere esanetan Nafarroako Gobernuak gaur egun ia 6.000 milioi euroko zorra du.

Onievaren eta Boschen ustez, legealdi honetan 171 milioiko kitapena egin daiteke bankuekin. Zertan oinarritzen dira hori eskatzerakoan? Garai batzuetan interes altuegiko maileguak egin direla –arrisku primetan oinarrituta, esate batera–; Foru Gobernua kaltetu zuten swapen operazioak egin zirela; edo finantza manipulazioak, adibidez Europako zazpi banku garrantzitsuenek egindako euriborraren manipulazio ezaguna.

2000-2015: 900 milioi ordainduak interesetan

Boschek azaldu zuen 2000tik 2015era Nafarroako Gobernuak 900 milioi euro ordaindu dituela interesetan, batez ere arrisku prima oso altuengatik. Gogor salatu zuen Europako Banku Zentralak (EBZ) nola mantentzen duen banku pribatuen sistema: “EBZk maileguak gobernuei zuzenean egin beharrean, bankuei egiten dizkie eta gero hauek gobernuei”. Esate batera, urte luzez, EBZk %1eko interesa kobratu die bankuei eta gero hauek %5 edo %8 gobernuei, arrisku primaren arabera.

Kasu zehatzagoak ere azaldu ziren agerraldian. Alvaro Miranda kontseilariak (UPN) eta Enrique Goñik (CAN) swap formatuan sinatutako 4,9 milioi euroko mailegua gogor kritikatu zuen Boschek. Kasu hauetako batzuk zigortu ditu jada justiziak Espainiako Estatuan, argudiatuz bankuen botere abusua egon zela, bezeroak ez zituelako kontrolatzen oso gaitzak diren mailegu molde hauek. “Baina hori ez zen Nafarroako Gobernuaren kasua –dio Boschek–, beraz zer nahi zuen Mirandak, Gobernua kaltetzea CANen mesedetan?”.

Aldaketaren gobernua definitu zuenarekin haserre zegoela ere aipatu zuen Boschek, honek ez duelako inongo zaratarik ateratzen zor ilegitimoaren gaiarekin. Swap-en aferarekin zehatzagoa izan zen: “Nafarroako Gobernuaren eskuetan utzi ditut bi peritu txosten epaitegietara eramateko eta ez du ezer egin”; bere ustez kasua ia irabazita legoke.

Alderdiak zuhur

Ez dirudi une honetan zorraren auditoriaren gaiarekin zarata handiegirik egin nahi denik. UPN, PSN eta PP aurkakoak dira. Geroa Baik egoera aztertu behar dela zioen batzorde honetan, baina Mikel Aranburu Ogasun sailburuak aurreratu du jada legealdi honetan Gobernuari dagozkion zorrak ordainduko direla. EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak ausardia eskatu diote Gobernuari gaia aztertu eta bankuekin kitapenen bat negozia dezan. Parlamentu Sozialeko kideek kritika zorrotza egin zieten Legebiltzarrari eta alderdi politikoei, eta gaia ikertzen jarraitzeko eskatu: “Zuek badituzue bitartekoak, guk ez”.

Zorraren auditoriaren Legebiltzarreko lan taldean egin zen Parlamentu Sozialeko teknikarien agerraldia ekainaren 20an, Ahal Duguko Laura Perez parlamentariaren gidaritzapean. Foru Legebiltzarreko bideo zerbitzuan ikus daiteke agerraldia osorik. Teknikoa da, baina teknikariek oso argi azaltzen dituzte gai kanplexu hauek. ARGIAk elkarrizketa egin zion Joan Boschi 2014an, Ahal Duguk Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan izandako arrakastaren ondoren. Gero Laura Perezen aurka lehiatu zen 2015ean alderdiko primarietan eta galdu egin zuen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zorra
Austeritate politikak
Hau 2024 urtea da: ongi etorri Europa neoliberalaren "normaltasunera"

Europar Batasuneko 27 herrialdeetako ekonomia eta finantza ministroen kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ezartzea adostu du abenduaren 20an. Azken urteetako norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


"Otorduak ordaindu behar dira", Europako Banku Zentralaren abisua zor publiko handia duten herrialdeei

Neurri progresibo eta eraginkorrak hartzeko ohartarazi dute EBZren blog batean hainbat ekonomialarik; bestela, murrizketa gogorrak egin beharko dira etorkizunean, edo inflazio altuari apropos eutsi, herrialdeen irabaziak zorraren gainetik mantentzeko.


Libanon minbizia baduzu, hasi diru bila botikak ordaintzeko, estatuak ez zaitu artatuko

Gaur estatua kiebra jota dago duela urte batzuk ‘Ekialde Hurbileko Suitza’ deitzen zuten Libanon. Herritarrei bermatu ezin dizkien oinarrizko zerbitzuen artean dago osasun sistema. Minbiziak, eritasun kroniko larri batek edo buruko gaixotasunak harrapatutako milaka... [+]


Europar Batasuneko ekonomia Ukrainako gerraren erdian
Tanke bat Keynesen gainetik

COVID-19aren ostean ekonomia suspertzeko iragartzen ari ziren neurri ekonomikoak ezbaian jarri ditu Ukrainako gerrak. Azken asteetan mota askotako erabakiak hartzen ari dira Europar Batasuneko agintariak. Horietako batzuek zuzenean eragingo dute herritar arrunten bizimoduan... [+]


Independentziaren zorra: Haitiren miseriaren jatorria

Haitiren egungo miseria egoerak badu bere azalpena herrialdearen iragan iraultzailean: mendekuaren ondorio da. 1825ean Frantziak Haiti derrigortu zuen kolono-ohiei 150 milioi urrezko frankorekin konpentsatzera, lurretan eta esklabotan izandako galerengatik.


Eguneraketa berriak daude