Marokoko Poliziak Said Amidan eta Brahim Laajail kazetari sahararren atxiloketari buruzko iritzia, Askapenako kide baten eskutik.
Azken hilabeteetan Saharan bizi den tentsio egoerak urrats bat gehiago eman du gaurkoan. Ohikoak bilakatu dira manifestazioen aurkako poliziaren eta kolonoen oldarraldiak, baita militante sahararren aurkako eraso eta atxiloketak, Marokoren etengabeko mehatxuak, MINURSOren kanporaketa, edota Guelmin-en (RADSen kontrolpean den eremu librean) egindako inbasio militar ilegala. Baina guzti hori isildua zaigu nazioarteari, Marokok eta bere bidelagun diren potentziek gauzatzen duten blokeo mediatikoaren emaitza.
Eta hori da hain zuzen Equipe Media-ko lagun eta kideek salatu eta apurtu nahi dutena, Mendebaldeko Sahararen inguruan den blokeo mediatikoa; egunerokoan ematen diren erasoak irudi bidez mundura hedatuz, isilpean gertatzen den kolonizazio eta giza eskubideen urraketa etengabeak gureganaino ekarriz. Atxiloketa berri hauekin, Marokoko indar errepresiboek beste behin ere, lan hori eten nahi izan dute, badakitelako burutzen duten genozidio eta basakeriak iraun dezan, isilpean egon behar duela.
Gure lagun diren Said Amidan eta Brahim Laajil gazteak, euren unibertsitate ikasketei berrekiteko El Aaiunetik Agadirrera bidean geldiarazi eta atxilotu zituen Marokoko polizia sekretuak, Guelmin herriko kontrolean. Atxiloaldia baino bahiketa izan dela salatu dute haien ingurukoek, ez baitiete atxiloketaren ezta atxilotuen egoeraren berririk eman. Beraz, modu ilegalean atxilotuak, bahituak, etengabe galdekatuak eta torturatuak izan dira.
Askapenak gogor salatu nahi du asteburuan jazotakoa, baina baita Marokok, nazioartearen babesarekin, ilegalki Okupaturiko Saharan egiten duen jazarpen etengabea ere. Gaurkoan albistea ez da espero zitekeen bezain beltza izan, baina ezin dugu ahaztu asko direla Marokoko espetxeetan barreiatutako presoak, horietako zenbait kazetariak. Azkenik, beste behin ere azpimarratu nahi ditugu isilarazi nahi dutena kontatzeko prest diren gure kideen indarra, balentria eta esfortzua.
Mireia Mochales, Askapena talde internazionalistako kidea