argia.eus
INPRIMATU
Lurrikarak Ekialde Hurbilean
Hildakoak 41.000 mila dira jada, eta kritikak areagotu dira NBEren eta Turkiako Gobernuaren aurka
  • NBEko buruak onartu du Siria ipar-mendebaldeko herritarrei "huts egin" diela, ez dutelako laguntza humanitariorik bidali bertara. Turkian 113 lagun atxilotzeko agindu dute, araudia bete gabe eraikitako eraikinen harira.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko otsailaren 13a

41.000 hildako eta 85.000 zauritu zenbatu dituzte gutxienez Turkian, Sirian eta Kurdistanen, Turkiako Gobernuak eta Osasunaren Mundu Erakundeak emandako azken datuen arabera. Oraindik ere biktimen kopurua handitzea espero dute. Azken orduetan zortzi pertsona erreskatatu dituzte Turkian, sei egun hondakinen azpian igaro ostean. Diotenez, oraindik 150.000 pertsona egon daitezke eraitsitako eraikinen artean.

Kasko Zuriak erreskate-taldeak salatu du Siria ipar-mendebaldean ez dutela Nazio Batuko Erakundearen laguntzarik jaso. Martin Griffith NBEko buruzagi humanitarioak aitortu du erakundeak "Siria ipar-mendebaldeko jendeari huts egin" diola.

Enpresa eraikitzaileak eta gobernua jo-puntuan

Turkian 6.000 eraikinetik gora eraitsi dituzte lurrikarek, eta Fiskaltzak eraikuntzako arduragabekeriak ikertzeko unitate berezi bat jarri du abian. 113 atxilotze-agindu egin dituzte, Fuat Oktay Turkiako presidenteordeak jakinarazi duenez. Besteak beste, leporatzen diete etxebizitzetan lekua irabazteko zutabeak ez eraikitzea. Arkitektoen Eskolak salatu du eraikuntzako araudia ez betetzeagatik eta Gobernuak lizentziarik gabe eraikitako etxeen aurrean ez-ikusiarena egiteagatik hil direla horrenbeste herritar. Efe Emin Koramaz, Turkiako Arkitekto eta Ingeniarien Ganberen Batasuneko presidenteak azaldu du Erdogan Gobernuan egon den 20 urteetan eraikin "arriskutsu, ustel eta ilegalen" zortzi legeztatze handi izan direla.