Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak jakinarazi duenez, azken zazpi egunetan 94 lagunek galdu dute bizia COVID-19aren eraginez. Aurreko astean kausa beragatik hil ziren 101 lagunei gehituta, azken hamabost egunetan ia 200 lagun hil dira koronabirusaren eraginez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Jaurlaritzak aitortu du akats bat egin zuela joan den astean emandako datuetan. 78 lagun hil zirela jakinarazi zuen, baina datu horri beste 23 heriotza gehitu behar zitzaizkion eta horrek 101eraino igo du urtarrilaren 10etik 16ra hildakoen zifra.
Ospitaleetako presioari dagokionez, pasa den igandean EAEko ospitaleetan 730 lagun zeuden ingresatuta COVID-19arekin. Zainketa Intentsiboetako Unitateetan 112 lagun zeuden, aurreko astean baino 31 gutxiago.
Astelehen honetan egin du publiko EAEko Osasun Sailak azken buletin epidemiologikoa, urtarrilaren 17tik 23ra bitarteko datuekin.
Horien arabera, azken astean Bizkaian detektatu dira COVID-19aren kasu gehien (17.086), Gipuzkoan 11.948 izan dira azken astean eta Araban 5.445.
Pandemia hasi zenetik 5.392 lagun hil dira EAEn koronabirusa dela-eta. Horietatik 4.685ek 70 urte edo gehiago zituzten.