140 lagun hil dira Kanarietara bidean zen ontzia hondoratu ostean Senegalgo kostaldearen aurrean. 2020tik, gertatu den hondoratzerik larriena izan dela adierazi du Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak (MNE). Beste 47 lagun hil dira Mauritaniako uretan haien ontzia noraezean geratu ostean.
Ehunka migratzaile iristen dira Kanariar uharteetara egunero, baina beste batzuek ordea, ez dute lurra ukitzen. Azken bi asteetan, Saharaz hegoaldeko ia 200 migratzaile hil dira Atlantikoko uretan. Gero eta gehiago dira Mendebaldeko Afrikatik itsasoz alde egiteko asmoa duten migratzaileak, Kanarietara inolako segurtasunik gabe doazenak. Horren bi kasu adibide lazgarri izan dira azken egunetan.
Itsasontzia urriaren 24an abiatu zen Senegaletik, Mbourretik, Kanarietara bidean. MNEek aipatutako tokiko buruzagien arabera, itsasoratu eta ordu gutxira su hartu zuen ontziak. Saint-Louisetik gertu hondoratu zen, Afrikako ipar mendebaldeko kostaldean. Hondoratutako ontziak 200 lagun zeramatzan, baina horietako 59 baino ez zituzten bizirik erreskatatu Senegalgo eta Espainiako Estatuko salbamenturako ontziek eta inguruan ziren arrantzontziek. Ordutik, gutxienez 20 gorpu aurkitu dituzte.
Bakary Doumbia Senegalgo MNEko buruak, atsekabea azaleratu du azken gertakariengatik, eta nazioartearen "batasunera" deitu du pertsonen trafikatzaileak Europara bidaiatu nahi duten migratzaileez balia ez daitezen. "Garrantzitsua da, halaber, trafikatzaileen negozio eredua kaltetu eta jendea hiltzen jarraitzea eragotziko duten bide legalen alde egitea", gaineratu du Doumbiak ohar batean.
Gutxienez 47 hildako beste hondoratze batean
Ontzi prekario batean zihoazen 47 pertsona hil dira. Ontziak amarrak askatu zituen duela bi aste, 80 migratzaile zeramatzala, baina hainbat zailtasun izan zituen eta, ondorioz, gutxienez 47 pertsona hil ziren. Mauritaniako Segurtasun Indarrek zehaztu dutenez, bizirik atera ziren 37 lagunek lortu zuten ontziari norabidea aldatzea eta Mauritaniako uretan sartzea, han, kostazaintzako patruila batek aurkitu zituen, eta Nuadibuko portu hirira eraman zituzten. 18 pertsona ospitaleratu zituzten. Mauritaniako agintariek baieztatu dutenez, astean zehar 330 migratzaile inguru atzeman dituzte Senegaletik Kanarietara iristeko ahaleginetan.
At least 140 people have drowned after a vessel sank off the Senegalese coast, the deadliest shipwreck recorded in 2020.
IOM is deeply saddened by this tragedy, which follows four shipwrecks recorded in the Central Mediterranean last week: https://t.co/Cz9zQU3dwi pic.twitter.com/Ee9XmQni87
— IOM - UN Migration (@UNmigration) October 29, 2020