Andoaingo Ipar Haizea koordinadorak Change.org plataforman sustatutako sinadura kanpainak zehazki 9.568 sinadura zeramatzan bildurik maiatzaren 11ko 12:30etan. Errausketaren Aurkako Mugimenduak sinadura guztiak EITBko arduradunei entregatu nahi dizkie hilaren 17an, elkarretaratze publiko batez lagundurik, euskal irrati-telebista publikoari eskatzen baitio antolatzea erraustegiaren inguruko eztabaida publikoa.
Hitzez hitz kanpainaren antolatzaileek diote: “ Erraustegiaren proiektu berriaren aurrean eta politikari bultzatzaileek proiektu garesti eta herritarren kezka handiaren aurrean erakutsi duten egoera kudeatzeko borondate eza ikusita, Zubietako erraustegiaren eraginen inguruko adituen arteko eztabaida publikoa eskatzen dugu, bi aldeak egongo direna: erraustegiaren aldekoa eta aurkakoa. Bi jarrerak kontrastatuko diren eztabaida publikoa eskatzen dugu. Eztabaida hori telebistan izatea nahi dugu”. Sei hilabeteren buruan 10.000 sinadura lortzeko zorian direnean, EAMek elkarretaratzea deitu du EITBk Donostiako Miramonen daukan egoitzaren atarian heldu den ostegunerako, hilak 17. Maiatzaren 17a Birziklatzearen Nazioarteko Eguna ospatzen da.