Irailaren 29an, asteazkenarekin, kalitatezko enpleguaren eta hazkunde ekonomikoaren aldeko europar manifestazioa egingo da Bruselan. Manifestazioa joan den ekainean deitu zuen Sindikatuen Europar Konfederazioak (CES). Bere barruan daude ELA sindikatu abertzalea eta CCOO eta UGT sindikatu espainiarrak. Zenbait hedabidetan, data hau erabili izan da CCOO eta UGT sindikatuen alde egiteko, esanez mobilizazio horrek greba orokorra zuela oinarri Europa osoan; baina ez da egia.
Europan, aurreko hileetan hainbat greba orokor egin da, doikuntza neurriekin langileen eskubideek izango dituzten murrizketen kontra egiteko (Grezian, Irlandan, Errumanian, Frantzian, Italian...). Euskal Herrian ere lau greba orokor egin dira hamahiru hilabetean –bi Iparraldean, azkena joan den astean, eta beste bi Hegoaldean, azkena ekainaren 29an, ELA, LAB, EHNE, ESK, STEE-EILAS eta HIRU gehiengo sindikalak deitua–.
Beraz, irailaren 29rako Bruselan euromanifestazio handi bat egiteko deia dago, eta hura, beste mobilizazio batzuekin lagunduko dute sindikatuek Europa osoan. ELAk, CES-en parte denez, jadanik iragarri du euromanifestazioan parte hartuko duela. Pasatu dena da, Espainiako Estatuan CCOO eta UGT sindikatuek edozer greba orokor atzeratzen ibili direla, elkarrizketa sozialaren argudioarekin, eta irailaren 29ko datan aitzakia paregabea aurkitu dute Espainiako Estatuan greba orokorra deitzeko, konbikzio handirik gabe bada ere. Sorpresarik ez badago, deialdi horren emaitza nahiko mugatua izango da Espainiako Estatuan, baina Hego Euskal Herriaren kasuan, gehiengo sindikal abertzaleak parte hartzen ez badu, deialdiak porrota bermaturik dauka.