Ondasun higiezinen gaineko zergan aldaketa onartu zuten iaz Gipuzkoako Batzar Nagusiek, ohiko bizileku ez den etxebizitzei %150 arteko errekargua ezartzea baimenduz hala egin nahi duten udalei. Aurten ikusiko dira lehen emaitzak eta Euskadi Irratiko Mezularia saioan eman ditu argibideak Itziar Miner Gipuzkoako Ogasun eta Finantza Politikako zuzendariak.
Oraindik datu ofizialik ez dagoen arren, Gipuzkoako 50 bat udalek neurria beren ordenantza fiskaletan onartu dutela jakinarazi du Minerrek. Tartean udalerri handienak daudenez, gipuzkoarren %85 inguru udalerri horietan bizi da. %50eko errekargua onartu dute udal gehienek.
Zerga politikan urrats esanguratsua da Gipuzkoan eman dena eta hiru helburu dituela nabarmendu du Minerrek: "Batetik, garai zail hauetan finantzatzeko baliabide berriak lortzea udalek, gehiago duenak ekarpen handiagoa eginez; bestetik, etxebizitza hutsak merkaturatzeko akuilua izan daiteke; eta azkenik, aitortu gabeko alokairuak Ogasunean aitortzeko modua ere bada".
Zarauzko Hirigintza eta Ogasun eta Finantza zinegotzi Iñaki Eizagirre ere gaiaz mintzatu da Mezularian: Zarautzen 11.000 etxebizitzatik 2.800 dira ohikoak ez direnak, eta %100eko errekargua aplikatuko zaie. Alegazio epea irekita dago eta batez ere kanpotarrak etorri dira azalpenak jasotzera. "Zarautzen zarauztarrak eta gazteak behartuak izan dira inguruko herrietara joatera, ia ezinezkoa izan delako Zarautzen etxebizitza izatea (jabetzan nahiz alokairuan) eta neurria bultzada bat da herriko jendeak aterpea izateko helburuan", adierazi du Eizagirrek.
255.000 etxebizitza huts baino gehiago daude Euskal Herrian eta Amaia Elorza EtxebizHitza plataformako kideak irtenbideak eskatu zituen Argian: "Gaur egun sakratua da jabetza pribatua eta pisua hutsik izan nahi duenak hala mantendu dezake, baina denok etxebizitza izateko eskubidea dugun neurrian, alokatu nahi ez duen jabeari zigorrak jarri behar zaizkio, ondasun higiezinen gaineko zergak igo behar zaizkio, ez dadin hain erosoa izan hutsik duen bigarren etxeari erabilgarritasunik ez ematea. Karga hori jarrita ere hutsik mantendu nahi badu jabeak, uste dugu administrazioak aldi baterako desjabetzea jarri beharko lukeela martxan, pertsona horri etxearen gaineko eskubidea kendu beharko liokeela denbora batez, administrazioak berak alokairu sozialean jartzeko".