Bordeleko Errektorearekin hitzartu du "behin-behineko" akordioa Seaskak. Horrez gain, Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin hitzarmena sinatzeko negoziaketak abiatuko dituzte hurrengo astean. Azterketak euskaraz egiteko aukera eta inklusiorako baliabideak negoziatuko dituzte.
Helburuen lorpen partziala eskuratu du Seaskak. Bordeleko Hezkuntza barrutiko errektoreak hitzeman dio hurrengo ikasturterako behar dituzten irakasle postu gehienak emango dizkiola. Baliabide horiek baina, ez dira luzerako izango. Frantziako Hezkuntza Ministerioak irakasle postuetatik aparte banatzen dituen "urteko ordu gehigarriak" erabili ditu errektoreak.
Seaskak adierazi du guzti horrek iraileko hezkuntza zentroen plangintza egiten lagunduko diola, eta besteak beste, ikasle kopuruaren araberako ikasgelak prestatu ahalko dituztela. Hala ere, zera ohartarazi du: "Ondoko urteetarako urte anitzetako plangintza bat landu beharko dugu Parisekin, Bordelerekin eta EEP (Euskararen Erakunde Publikoak) osatzen duten instituzioekin, euskararen eta murgiltze ereduaren aldeko hitz ederrak ez ditzan haizeak eraman".
Aire berriak Bordeletik
Bordeleko errektorea den Jean-Marc Huart Lapurdin izan zen astelehenean. Goizean Angeluko ikastola bisitatu zuen, eta arratsaldean, Seaskaren egoitzara gerturatu zen. Bertan, Seaskako eta Ikastolen Elkarteko ordezkariekin elkartu zen. Orduan jakinarazi zizkien errektoreak bere asmoak. Seaskako kideak errektorearen jarrera aldaketaz mintzatu dira: "Lehen aldia da errektore bat ikastola bat bisitatzera heldu dela eta ikastoletan egiten dugun lanaz hurbiletik interesatzen dela". Lehen aldia da ere errektorea Seaskaren egoitzara gerturatu eta bertan egiten den lana ezagutzen duela.
Negoziazioen hasiera
Hurrengo astean Seaska, EEP eta Frantziako Hezkuntza Ministerioa hitzarmen bat negoziatzen hasiko dira, errektorearekin bildu ostean jakinarazi dutenez. Oraindik biltzeko eguna finkatu ez badute ere, bertan landuko den gai ordena zehaztu dute: inklusioa eta azterketak. Seaskak adierazi du azterketak euskaraz egiteko "prestutasuna" erakutsi duela errektoreak, nahiz adierazi aurtengo baxorako aldaketak egiteko "berandu" dela. Aurten beraz, Seaskako ikasleek baxoko ahozkoa frantsezez egin beharko dute. Seaskak esan dio errektoreari hezkuntza administrazioaren arauei desobeditzeko prest dauden irakasleak babestuko dituela.