Igande arratsaldean, Realaren eta Alavesen arteko derbia hasi aurretik gertatu ziren istiluak, Anoeta estadioaren kanpoaldean.
Sare sozialetan zabaldutako bideo honetan ikusten denez, ertzainek gertutik egin zuten tiro.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, pertsona batzuek botilak eta harriak bota zizkietela Ertzaintzaren furgonetei. Bi lagun atxilotu zituzten, 23 urtekoa bata, 24koa bestea.
Amara-Berri auzoan gertatu ziren istiluak. Realeko eta Alaveseko hainbat zale adiskidetze festa egiten ari ziren bertan, haien artean bizi den harreman onaren erakusgarri.
Naiz-ek jaso duenez, lekukoek adierazi dute ertzainek foam pilotak baliatu dituztela. Aldiz, Ertzaintzaren bertsio ofizialaren arabera, "agenteek soinu-salbak egin behar izan dituzte" jendea sakabanatzeko, eta "ez da zauriturik izan".