Gergely Gulyas Hungariako Presidentetza ministroak eman du erabakiaren berri, Hagako auzitegiak atxilotze agindua ezarrita dion Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa herrialdera heldu den egun berean. Israelgo armadak Gazako eremu gehiago hartzeko asmoa duela adierazi du Defentsa ministro Israel Katzek, baita lurreko erasoak areagotuko dituztela ere.
NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiko kide izateari uzteko prozedura "konstituzioaren eta nazioarteko esparru juridikoaren arabera" jarraituko dutela azaldu du Gergely Gulyas Hungariako Presidentetza ministroak. Erabakia Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa Viktor Orban presidentearekin bildu den egun berean hartu du Hungariak: hain zuzen, Hagako auzitegiak Netanyahuren aurkako atxilotzeko agindua ezarri zuen iazko azaroan, Gazako zerrendaren aurkako erasoaldiaren harira gizateriaren kontrako krimenak eta gerra krimenak leporatuta. Epai hori eman zenetik, Erromako Estatutua berretsia duen herrialde bat zapalduko du lehen aldiz Netanyahuk.
NZA "ekimen errespetagarria" bada ere, azken aldian "organismo politiko bat" bihurtu dela adierazu du Gulyasek Hungariako MTI berri agentziari. Erabakia kokatzeko, ondokoa zehaztu du: "Horren adibide tristea da Netanyahuren kontrako akusazioa". Hamasek gaitzetsi egin du Hungariak hartutako erabakia, ohar bidez: "Nazioarteko justiziarentzat kolpe gogorra da Hungariak konplizitatea izatea gerra kriminal batekin. Erabaki lotsagarria eta immorala da". Gainera, Europako herrialdeari bere egitekoak egin eta Netanyahu NZAri entrega diezaiola eskatu dio, "krimenengatik kontuak eman ditzan eta bidezko zigorra jaso dezan palestinarren aurka egin zituen sarraskiengatik eta genozidioarengatik".
2001ean berretsi zuen Erromako Estatutua Hungariak, eta horrek dakar Hagako auzitegiaren jurisdikziopean izatea. Hori horrela, bertako Poliziak Israelgo lehen ministroa atxilotu beharko luke. Orbanek, ordea, behin baino gehiagotan adierazi du ez diola kasurik egingo aginduari, eta, kontrara, "askatasuna eta segurtasuna bermatuko" diotela Netanyahuri.
Gazako lurren %25 bereganatu nahi ditu Israelek
Hamasekin adostu zuen su etena apurtu eta ia bi astera, Israelgo armadako buru Eyal Zamirrek apirilaren 3an kaleratutako ohar batean jakinarazi du Gazaren aurkako erasoak "hedatuko" dituztela, zerrendako lur gehiago hartzeko helburuarekin. Nazioarteko hainbat hedabidek, tartean New York Post estatubatuarrak, plazaratu dute Gazako lurren %25 hartzea duela helburu Israelek, Indarra eta ezpata izena jarri dion operazio berriarekin, Hamasi "gatibuak askatzeko presioa ezartzeko".
Gazaren aurkako erasoak hedatzearekin batera, Israelgo armadak gogortu egin ditu zerrendako palestinarren aurkako bonbardaketak: Al Jazeera hedabidearen arabera, 76 palestinar hil dituzte ostegun goiz honetako aireko erasoen bidez. Gainera, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Gutierresek astelehenean Israeli egotzi zion NBEren hamabost langileren hilketa, hil ondoren hobi komun batera bota izana ere deitoratuta.