argia.eus
INPRIMATU
Sexu abusuak jasan zituzten marrubi soroetako langileei elkartasuna adierazteko mobilizazioak deitu dituzte
  • Lau emakumek Antonio Mato enpresariaren kontra jarritako salaketa artxibatu du auzitegiak. Erabakiak haserrea eragin du, eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizazioak deitu dira.

ARGIA @argia 2018ko abenduaren 19a
Iruñeko elkarretaratzea (Argazkia: Zikutak Iruña)

Abenduaren 10ean, Huelvako (Andaluzia) Palma del Condado herriko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko hiru zenbakiko Epaitegiak artxibatu egin zuen marrubi soroetako lau emakume marokoarrek jarritako salaketa. Antonio Mato enpresariaren kontrako salaketa zen, eta Almonteko bere lursailean sexu abusuak egin izana leporatzen zioten.

Kasua artxibatzeko erabilitako arrazoia Matoren defentsak erabilitako argudioan oinarritzen da: salaketa emakumeen “azpijokoa” dela, Marokora itzultzea saihestu eta Andaluzian geratzeko helburua duena. “Ez da behar bezala justifikatzen delitua egin izana”, adierazi du epaileak.

Belén Luján, salaketa jarri duten emakumeen abokatuak, helegitea jartzeko asmoa erakutsi du. Salaketa jarri eta akusatuak deklaratu ostean eginbide berririk ez dela izan, eta izapideak atzeratzea onartu ez dela kritikatu du.

SATeko kide Virginia Piña Cruzek El Saltori egindako adierazpenen arabera, “kriminalizazioak emakumeei eragin die, aurreikusten zela eta salaketa faltsuak direla diote. Salaketa faltsuak jartzea leporatzen zaie emakumeei. Artxibatzeak eurak (delitugileak) biktimatzat jo eta emakume oro kaltetzen gaitu”.

Piñak eta beste hainbestek egindako iruzkinek erakusten dute justiziaren izaera patriarkala bistaratzen duen beste kasu baten aurrean gaudela.

Mobilizazioak

“Patriarkatua eta kapitala, aliantza koloniala” lemapean, Huelvako marrubi soroetako emakumeei elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak deitu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

Iruñean astelehenean egin zuten mobilizazioa, eta gainontzeko hiriburuetan asteazken arratsaldean egingo dira: Bilbon 18:00etan, Arriagan; Gasteizen 18:00etan, Andra Mari Zuriaren plazan; eta Donostian 19:00etan, Bulebarrean.

Orain gutxi bistaratutako egoera

Iragan apirilaren 30ean Collectiv aldizkariak publiko egin zuen RTL Nachtjournal eta BuzzFeed News-ek egindako ikerketa, Huelvako marrubi ustiapen landetan lan egiten duten emakume marokoarrek bizi duten abusuzko egoera bistaratzea eragin zuena.

Ikerketa kaleratu aurretik ere ezagun zen langile hauen egoera, zenbait ikerlari marokoar horren berri ematen arituak baitziren. “Egoera ezagutzera emana zen arren, orain arte ez da ikusgai egin”, aitortu dio El Saltori Mugimendu Mairu Antiarrazistako (UMMA) kide Amal Abakkouyk.