Emakumearen heriotza hilketa matxista izan ote den ikertzen dabil Foruzaingoa. Bien bitartean, gizona behin-behinean eta bermerik gabe espetxeratzeko agindua eman du epaileak.
Giza hilketa delitua leporatuta, hildako Uharteko emakumearen senarra bermerik gabe kartzelaratzea eskatu du Agoizko auzitegiko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren 2. zenbakiko Epaitegiko instrukzio epaileak. MagistratuaK Foruzaingoaren ikerketa hartu du oinarritzat erabakia hartzeko unean, eta bere hitzetan “zantzuek frogatzen dute akusatuak eztabaida gogorra izan zuela emaztearekin eta hainbat ukabilkada eman zizkiola gorputzean eta buruan, konorterik gabe utzi arte”.
Erabakia hartzerakoan erabakigarria izan den ikerketa berberak adierazten duenez, Uharteko Udaltzainek bi aldiz atxilotu izan dute aurretik gizona, emakumeari tratu txarrak emateagatik.
Akusatua kamioi gidaria izanik, ihes egiteko daukan gaitasuna “nabarmena” dela ondorioztatuta eta frogak suntsitzen saia daitekeela kontuan izanda, epaileak behin-behineko espetxealdia ezarri dio, kontua argitu artean. Erailketa matxista izan dela ziurtatzen bada, aurten indarkeria matxistak Euskal Herrian hildako bosgarren emakumea litzateke. Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak dagoeneko hala jo du.
Uharteko Udalak eta mugimendu feministak mobilizaioak deitu dituzte asteazkenerako. Udalak elkarretaratzea egingo du 13:00etan Uharteko Udal plazan, eta mugimendu feministak arratsaldeko 19:30etan, plaza berean. Azken honetan emakumea “eraila” izan dela salatuko dute.
Donostia, Gasteiz eta Bilbon ere mobilizazioak deitu ditu ostegunean Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak. Donostian 19:30etan Bulebarrean elkartzera dei egin dute, Gasteizen 20:00etan Andra Mari Zuriaren plazan, eta Bilbon 20:00etan Arriagan.
Baliteke egunak aurrera egin ahala deialdi gehiago zabaltzea Euskal Herriko hainbat lekutan.