argia.eus
INPRIMATU
Hotza heldu da

Aritz Díez 2022ko abenduaren 13a

Hotza heldu da eta geroz eta zailagoa da aurre egitea. Hiritarrok harrapaturik gelditu gara gure labirintoan, eta esaten digute kontsumoa disparatu ez dadin berogailua hemeretzi gradutik gora ez jartzeko. Ez dut nahikoa ala gutxi den erreparatu nahi, baina kuriosoa zait produktu bat saltzen digutenek produktu hori kontsumitu ez dezagula esatea.

Hotza heldu da eta hiri bateko pisu batean, gasaz edo elektrizitateaz aparte, ez dugu beroa sortzeko beste formarik. Historikoki, suak etxeak berotu ditu, baina azken hamarkada hauetan (mende honetan) suari ez zaio hirietan ongietorria eman.

Etxea erosi nuenean osorik berritu nuen. Ehun urte baino gehiagoko eraikin bat da eta pisuak suzko sukaldea eta egongelan tximinia zeuzkan. Dena kendu genuen. Sua sortu zezakeen guztia baztertu behar zen eta, horren ordez, indukzioari harrera eman behar izan nion. Baina indukzioak ez du giroa berotzen.

Hotza heltzen ari da, bero iturria mozten digutelako, eta merezita. Saldu ziguten erosotasuna, baina garai batean zoro gutxi batzuk esaten zutena, eredu hau jasangarria ez zela, egia dela erakusten duten lehen distirak ikusten ari gara orain. Eredu eroso horrek iraungitze data zuen eta ikusten ari gara iturriak zekartzan onurak ez zirela gureak. Ezin digute gehiago ezkutatu.

Kapitalismoari hotza helduko ote zaio, akaso?