Microsoft enpresak, garai berrietara egokitzeko eta dirua aurrezteko asmoz, Hotmail itxi egingo duela esan du Rafael Rios enpresako marketin arduradunak, elcorreo.com-ek jaso duenez.
Horren ordez, aurreko uztailean abiarazitako Outlook aplikazioari emango diote ongietorria. Posta elektroniko zerbitzu zaharretik berrira helbide guztiak pasatzea lan zaila izango dela dio, baina udarako amaituko dutela espero du. Erabiltzailea aldaketez ia ez dela ohartuko argitu du Riosek, Hotmaileko kontura bidalitako mezuak berdin iritsiko baitzaizkio.
Outlook aplikazio berriak berrikuntza ugari ekarri ditu. Bertan ez dago Hotmailen ohikoa zen banner-etako publizitaterik, eta ez dira erabiltzaileen elkarrizketak kontuan hartzen horiekin erlazionatutako publizitatea igortzeko. Laster Skype-ren ahots zerbitzua ere gehituko zaio mezu zerbitzuari. Honez gain, mezu garbiketa programatua edota ukimen-funtzioa ere gehituko zaizkio aplikazioari, besteren artean.