argia.eus
INPRIMATU
"Horma bota dugu"
  • Ostegunean onartu zuen Nafarroako Legebiltzarrak Euskararen Legearen erreforma. Horren ondorioz, Nafarroako zonalde euskaldunean eta mistoan gertatzen den bezala, zonalde ez-euskaldunean ere D ereduko ikasgelak abiatu ahal izango dira eskola publikoetan.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko otsailaren 20a

Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusiak, Info7 irratiari adierazi dionez, balorazio positiboa egiten dute Nafarroako Legebiltzarrak hartutako erabakiaren inguruan. “Behingoz, urteetako erabaki bati amaiera emango zaio eta lege bidez haurrek urratuta izan duten eskubidea onartuko da” esan du. Ez du ahaztu lorpen hau hainbat gurasok egindako lanaren ondorioa dela.

Hala ere,lege aldaketa hau euskararentzat “iruzur txikia” dela esan du . “Gobernuak ezarriko du zein den euskaraz ikasi nahi duten gutxieneko ikasle kopurua gelako” eta ezkor agertu da “ratioen afera Nafarroako gobernuaren esku” utzi delako.

Sortzen Elkarteak bere webgunean jarri duenaren arabera, bide luzea egiteko dagoen arren, “pozteko” berria da legearen aldaketa. “Lege horrek diskriminazioa suposatu du Euskararentzat eta era bereziago batean euskaraz bizi eta ukatu zaigun Nafar herritar askorentzat. Horma bota dugu”.

Gari Torregrosa, Sortzenen koordinatzaileak, Europa Pressi adierazi dio “pauso txiki” bat dela erabakia Nafarroa eremutan banatzea deuseztatzeko. Administrazioari eskatu dio “arduraz jokatzeko” eta “baldintza guztiak jartzeko hori bermatzeko”.

STEE-EILAS sindikatua poztu egin da lege aldaketarengatik. Prentsa ohar bidez, “hezkuntza sistema publikoaren panorama berri baten aurrean aurkitzen garela” esan dute eta hurrengo ikasturterako D ereduan ikasteko aukera Nafarroa osora zabaltzeko eskatu dute.

ELAk ere “ezinbesteko pausotzat” jo du erabakia eta “horrenbeste urtetako mobilizazioak fruituak ematen hasi” direla adierazi du. Bestalde, Nafarroako Gobernuaren eskuetan geratzean “Barcinaren Gobenuak gutxieneko eskaria finkatzea modu antidemokratikoan erabiltzeko arriskua” dagoela ohartarazi dute sindikatutik.

“Pauso positiboa baina ez nahikoa” dela uste dute LABetik. Komunikatu bidez adierazi dutenez, “Nafarroako biztanleriaren hizkuntza eskubideak bermatzetik oso urrun” dagoen legea da oraindik. Sindikatu abertzalearen ustetan euskarak ofiziala izan behar du Nafarroa osoan eta bide horretan lanean jarraituko duela esan dute.

Alderdien posizioak

Lege erreforma Geroa Baik, PSNk eta Ezkerrak aurkeztu dute eta Bilduk eta Aralar-NaBaik babestu egin dute.

Aralar-NaBai-ko Nekane Perez izan zen lehena hitza hartzen osteguneko parlamentuko saioan. Alde positiboak badituen arren, eta alde bozkatu duten arren, eskubideen bermea eskatu du. "Lege hau ez da gurea, aldaketa hau ere ez; ez da sakona, ezta adostua ere". Zonifikazioa "lotsaren harresi" gisa definitu zuen.

Bilduko eledun Bakartxo Ruizen arabera erreforma ez da berak ordezkatzen duen alderdiak nahi lukeen bezain sakona. "Euskararen Legea ez da bidezkoa, baztertzailea da, eta eskubideak urratzen ditu". Hala ere, Nafarroa osoan euskararen ofizialtasunera bidean pauso gisa ikusten dute. Eremu ez-euskalduneko herritarrek egindako lana goraipatu du.

PSNko Juan Jose Lizarbek adierazi du "aukera berdintasuna" bermatzeko modua dela. "Eskaera bada, erantzuna eman behar zaio". PSNren jarrera kritikatu dute alderdi gehienek, orain arte lege aldaketa hauen aurka izan delako.

Izquierda-Ezkerrako Txema Mauleonek esan du "30 urteko bazterketarekin" amaitzen dela eta "hezkuntza publikoan askatasuna eta berdintasuna" bermatzen dela. "Gaur pareta bat botatzen ari gara", adierazi du eta Aralar-NaBairi eta Bilduri "ospatzeko" eguna dela esan die.

UPNren izenean Carlos Garcia Adanero mintzatu da eta "Bilduren lege" gisa definitu du. "30 urte behar izan dituzue ados jartzeko", aurpegiratu die. PSN erreforma honekin ez dagoela eroso uste dute, eta "erreformak zonifikazioa aldatuko duela" gaineratu du. "Erreforma hau ez da ona nafarrentzat", adierazi du.

PPNko Amaia Zarranzek "egun tristea" dela adierazi du, eta "euskara inposatzea" aurpegiratu die oposizioko kideei, "nahiz eta haiek ere ez duten hitz egiten".

Informazio gehiago:

Txikia diozu? Bikoitza! Mikel Basaberen iritzi artikulua.

Zatiketaren amaieraren norabidean. Xabier Letonaren artikulua.