argia.eus
INPRIMATU
Honduraseko milaka migratzaile indarrez blokatu dituzte AEBetara bidean beste behin
  • Iragan astean 9.000 migratzailez osatutako karabana irten zen Hondurasetik AEBetara heldu nahian. Guatemalako poliziak indarrez egin du haien aurka igandean, eta 2.000 pertsona inguru blokatuta daude.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 18a
Guatemalako Chiquimula departamentuan blokatu du karabana Guatemalako armadak.

Iragan astearen amaieran abiatu zen migratzaileen karabana Hondurasetik, hainbat zutabetan, eta bat eginik igaro zuten Honduras eta Guatemala arteko muga ostiral eta larunbatean. Igandean mugatik 30 km ingurura Guatemalako Poliziak eta armadak migratzaileak inguratu eta haien bidea blokatu zuen. Bortizki ekidin zuten blokeoa gainditzen saiatu zirenen ahalegina. Karabanako partaideetako batzuk sakabanatu egin dira, eta milaka batzuk –2.000 inguru, zenbait iturriren arabera– bertan jarraitzen dute.

Pobreziatik ihesi

“Armadak makilakadaka gerarazten du migratzaileen karabana. Hondurastarrak dira, indarkeriatik, pobreziatik, pandemiaren inpaktutik eta bi urakanetatik ihesi doazenak”, idatzi du Twitterren Mexiko eta Guatemala arteko mugatik Iñigo Herraiz kazetariak. Honduraseko egiturazko pobrezia eta indarkeriari, azaroan Eta eta Lota urakanek herrialdean sortutako triskantza eta COVID-19aren ondorioak gehitu behar zaizkie. Familia osoak daude partaideen artean, haurrak tartean. 2018az geroztik mota honetako dozena inguru karabana irten dira Hondurasetik AEBetara heldu nahian.

Herraizen esanetan oso gutxi dira gaur arte blokeoa gainditu eta Mexikoko mugara heltzea lortu duten migratzaileak. Mugan Mexikoko Guardia Nazionala dute zain, Mexikoko Gobernuak propio bidalita migratzaileak igaro ez daitezen. Mexikon lanean diharduen Alberto Pradilla kazetari euskaldunak ziurtatu du Mexikoko gobernuak Guatemalara bertara bidali dituela lau polizia autobus, “Hondurasera migratzaileak itzultzen laguntzeko. Nazioarteko lankidetza pobreek miseriatik ihes egitea eragozteko”.