argia.eus
INPRIMATU
Hondartzen afera AEBetan: espazio publikoaren pribatizazioak bazter utzi ditu hainbat herritar
  • Uda eta opor garaia heltzear da, eta horrekin batera hondartzetara osterak. Joan den asteburuan estreinatu zuten hondartzen denboraldia AEBtan, eta uda garaian sartuta jada, ardura piztu du herrialdeko hondartzen egoerak; gehienak pribatuak dira, eta publikoak diren horietan egon daitezkeen jende pilaketek kezkatu dituzte.

Maria Ortega Zubiate 2020ko maiatzaren 28a
AEBtako hondartza publiko bat. Argazkia: Infobae.

Kirola egitera irtetzea gomendatu dute AEBtako osasun agintariek, konfinamendu garaian kirola egitea eta haizea hartzea oso garrantzitsua dela argudiatuz. Baina, 100 milioi estatubatuar inguruk –pertsona arrazializatuek edo komunitate pobretuetakoek– ez du aukerarik espazio publikoa erabiltzeko, pribatizatuta dagoelako.

AEBtan azpimarragarria da urteen joanean espazio publikoek jasan duten pribatizazioa. 1970eko hamarkadan hondartzen %95a pribatizatuta zegoen. Gaur egun datu hori baxuagoa bada ere, pribatizatutako eremuak publikoak baino ugariagoak dira, eta horrek kezkak sortu ditu hondartza publikoetan gerta daitezkeen pilaketengatik.

Pribatizazioak soilik ez, hondartza publikoak direnetan ere mugak jarri dituzte: autoak aparkatzeko ordaindu beharra, edo sarrera bakarrik bertakoei bermatzea. Hori horrela, are gehiago murrizten da baldintza horiek betetzen ez dituztenek hondartzetara duten sarrera.

Klasismoa koronabirus garaian

Meg Walker New Yorkeko Espazio Publikoetarako Proiektuko arkitektoak adierazi du baztertze hori sistematikoa dela, espazio publiko orokorra hartzen duela beregain. New Yorkeko auzo periferikoetan, biztanleria pobretuena bizi denetan, eremu publikoaren pribatizazioa eman dela; eta ondorioz, biztanleria zaurgarrienak, askotan osasun arazoak dituenak, ez duela espazio publikoa erabiltzeko aukerarik. Koronabirus kasu gehien dauden guneak dira horiek.

Hondartzetan ere klase banaketa ikusten dela adierazi du. Hondartza pribatuak klase altuko pertsona zuriek okupatzen dituzten bitartean, hondartza publikoetan jatorri anitzetako jendea biltzen da. Hori ere kezkagarria da, izan ere, polizia presentziak gora egin du azken aldian hondartzetan, eta beltzen aurkako polizia erasoak hazi egin direla adierazi du Beltzen Garapenerako Elkarte Nazionalak.