argia.eus
INPRIMATU
Hondarribiko Udalak urte askoko zuhaitzak moztu ditu udaberri atarian
  • Hondarribiko Udala Donostia kalean egiten ari den lanekin batera, bazterrean dauden urte askoko zuhaitzak mozten ari da. Udalak adierazi du horien ordez "arrisku gutxiagoko" zuhaitzak landatuko dituela udaran. Eguzki talde ekologistak kexa adierazi du: "Kendutako zuhaitzek ingurumenari eta gizarteari ematen zizkioten zerbitzu anitzak, hala nola itzala, paisaia, CO2a xurgatzea eta abar, ez dira berriek emango dutenak bezalakoak, eta urteak beharko dira berdinak izateko".

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 15a

Eguzki taldeak zuhaitz hauek ebakitzeko udalak hautatu duen garaia kritikatu du: "Udaberrian sartzear gaude, garaia da hegaztiek habia egiteko, bizi zikloa jarraitzeko, ugaltzeko... eta horretarako zuhaitzak txorientzat habitatak dira, ezinbestekoak. Garai honetan tamaina handiko zuhaitzak mozteak kalteak sortzen ditu, txoriei aurten eta urte batzuetan erabiltzeko aukera kendu dietelako".

Hegaztien begiradaz

Txorien habitat diren zuhaitzak zutik mantentzeko beharra honela argudiatu du Eguzkik: "Hegaztien aberastasuna eta ugaritasuna ekosistemen egoeraren eta kontserbazio-mailaren adierazle zuzena da. Hegaztientzat ona dena ona da guretzat, eta horregatik garrantzitsua da zaintzea. Zenbat eta hegazti gehiago, orduan eta eltxo eta euli gutxiago: enara bakar batek, adibidez, 850 euli/eltxo kontsumitzen ditu egunean".

Horregatik, Eguzki taldeak zera eskatu dio Hondarribiko Udalari: "Donostia kalean egindakoa ez dezala beste kaleetan egin eta hemendik aurrera urbanizazio-lanak egiteko irizpide ekologikoak kontuan har ditzala".