argia.eus
INPRIMATU
Hondarribiko ikastetxeetako garbitzaileen gatazka konpontzeko borondate falta leporatu diote gurasoek Udalari
  • Ikasturtea greban hasi dute Hondarribiko udal eraikinetako garbitzaileek, zerbitzua ematen duen enpresak haien eskaerei entzungor jarraitzen baitu. Talaia eskolako gurasoak kezkatuta daude: ikasgeletan zikinkeria pilatzen ari da eta psikomotrizitate gela itxi behar izan dute dagoeneko. Udalak lizitatutako zerbitzua dela eta konponbiderako tresnak badituela ulertuta, “Eskolako zaborra, Udalaren ardura” lelopean mobilizatuko dira ostiral honetan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko irailaren 23a
Talaiako irakasle eta ikasleak patioan klase ematen, ikasgeletako egoera salatzeko. Argazkia: Talaia Eskolako Familia Elkartea

Urtarriletik daramate garbitzaileek lan baldintzak hobetzeko borrokan eta apirilean hasi zuten greba. ISS Facility Services enpresarentzat egiten dute lan eta bilera asko izan arren, haien eskaerei (tartean %5eko soldata igoera) entzungor segitzen duela kexu dira garbitzaileak. “Gehiegizko eskaera dela esaten digute, ez dute aztertu ere egin nahi, baina beraiek dira Udalarekin akordio batera iritsi behar dutenak”, diote garbitzaileek, zerbitzua Udalak kontratatzen duela gogoratuz. Udalak, aldiz, ez du gatazka konpontzeko borondaterik, haien esanetan.

Hondarribiko alkateak erantzun du oso kezkatuta daudela egoerarekin eta akordioa lortzea enpresari eta langileei dagokiela, gero Udalak akordio hori aztertu eta bideratzeko.

"Gatazka luzatzen uzten ari dira"

Grebak eragin zuzena izan du herriko ikastetxeetan eta Talaia eskolako gurasoek egoera salatu dute, ikusita gatazka luzatzen ari dela eta horrek ikasgeletan gutxieneko higiene batekin aritzea galarazten duela. Guraso Elkartearen iritziz, enpresa eta Udala “denbora pasatzen” uzten ari dira eta ez dira gaiari behar bezala heltzen ari. Gurasoen ustez, enpresarekin lizitazioa berritzean diru gehiago jarri beharko du Udalak eta hori izango da konponbidea, baina lizitazioa berritzeko unera arte itxoiten ari dira.

Urriaren 4an dute enpresak eta garbitzaileek hurrengo bilera eta haserre daude gurasoak, urriaren 4a berandu dela eta gatazka luzatzen uzten ari direla iritzita.

Hala, manifestazioa deitu dute ostiral honetan, “Eskolako zaborra, Udalaren ardura” lelopean. Hurrengo astean mobilizazioekin jarraitzea da asmoa.