Ibai Labaien, Kattalin Noblia eta Marilena Castillo Bilduko zinegotziek dimisioa aurkeztu dute, alarde tradizionalean desfilatu zuen Juan Ortizek kargua utziko duela iragarri eta gero.
Bilduk bost zinegotzi ditu Hondarribiko Udalean.
Alarde tradizionalean parte hartzea koalizioaren filosofia eta praktika politikoekin bateraezina dela esan zion Bilduk Ortizi.
Bilduko Hondarribiko udal taldeak babesa adierazi dio, eta hiru zinegotzik dimisioa aurkeztu dute. Diotenez, Ortizek alarde tradizionalean aterako zela jakinarazi zienean, dimisioa aurkezteko prest zegoela esan zuen. Hondarribiko Bildu osatzen duten alderdiek eta udal taldeak, ordea, ez zuten dimisioa onartu.
"Gure uste sendoa zen dimisioa onartzeak ez ziola mesederik egingo egiten ari ginen lanari, ezta azkeneko hamazazpi urteko ahaleginen ondoren herrian sumatzen zen distentsio giroari ere", diote Berria egunkariak jasotako prentsa oharrean. "Indarrak batzeko eta giroa baretzeko baino, dimisioa onartzea egoera okertzeko izango zela pentsatzen genuen".