argia.eus
INPRIMATU
Hondarribiko Alardea: beste behin, bitan zatituta
  • Bi Alarde izan dituzte aurten ere Hondarribiko jaietan: parekidea eta tradizionala. Goizean, txalo artean hartu dute Jaizkibel konpainiaren desfile parekidea gehienek, nahiz eta txistuak ere entzun diren eta hainbat erakundetako ordezkariren “falta” egon den.

Garazi Zabaleta 2015eko irailaren 08a
8:25ean abiatu du Jaizkibelek Alarde parekidea (argazkia: @oihanvito)

8:25ean abiatu du Jaizkibelek kalejira, Alarde tradizionalak baino ordu erdi lehenago. Alarde parekidearen aurkako jendea Hondarribiako Kale Nagusian pilatu da, plastiko beltzak eskuetan, txistuka eta oihuka. Ertzaintza bertan egon da.

Instituzioen artean, Gipuzkoako Diputazioarena izan da aurtengo huts nabarmenena. Azken urteetan ez bezala, Diputazioko inongo ordezkarik ez dio harrera egin alarde parekideari. Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak ere uko egin dio Jaizkibelen desfileari harrera egiteari, eta alarde ez-parekidea soilik hartu du.

Emakunde, Arartekoa, EH Bildu edota Udalbiltzako ordezkariak izan dira, besteak beste, Alarde parekideari babesa azaltzen. Ibilbidea “giro bikainean” egin dutela nabarmendu dute Jaizkibel konpainiatik.