Hondakinik onena sortu ez dena: Zero Zabor

  • Zero Waste kontzeptua indartzen ari da urteotan hirietako hondakinekin administrazioek darabilten kudeaketaz kritiko diren mugimenduen artean. Errausketaren kritikatik harago, hondakinak ahal bezainbeste urritzeko produkzio-salmenta-kontsumo osoa berrantolatzen saiatzen dira.

2010ko otsailaren 21a

Hernanin Zero Zabor talde txiki bat da, Euskal Herrian hondakinez eta klase guztietako kutsadurez kezkatzen diren elkarte ugarien artean bat gehiago. Aldiz, Zero Waste (Zero Zabor edo Zero Hondakin ingelesez) kontzeptua oinarri nagusitzat hartu dutenak ugaritu egin dira mundu osoan urteotan.

Joan den azaroan egin zuen 6. biltzarra Filipinetan, Puerto Princesa hirian, Zero Waste International Alliance-k. Hartan parte hartu zuten hizlarien eta elkarteen jatorriei erreparatu besterik ez dago ohartzeko elkargune horrek goiburutzat hartu duen Working toward a World withouth waste (Zaborrik gabeko mundu baten alde lanean) bazter guztietatik kutsatu dela.

Europatik Filipinetara hurbildu zirenen artean italiarrak nabarmendu ziren. Errauste planten kontrako borrokatik abiatu eta Atez Ateko (A-A) bilketa sisteman aitzindariak izan diren italiarrek lan handia egin dute alor honetan. Ez dago Googleri Rifiuti Zero galdetu besterik horretaz ohartzeko. Euskal Herrian Zero Wasteren lehen berriak Txingudiko errauste plantaren kontrako ekintzen inguruan zabaldu ziren duela pare bat urte, eta orain A-A Gipuzkoako Usurbilen, Hernanin eta Oiartzunen antolatzearekin ari da berriro aipatzen.

Zero Wasteren historia eginez gero azken 40 urteotan hiri hondakinen inguruan herrialderik garatuenetan landutako alternatiben haria jarrai daiteke. Ingelesezko Wikipediaren arabera, kontzeptua lehenbizikoz Paul Palmer kimikari kaliforniarrak erabili zuen: 1970eko hamarkadan Zero Waste Systems enpresa antolatu zuen orduan sortu berria zen elektronikaren industriako hondakinak birziklatzeko.

Ideia negozioetan sortu zela ez da ahaztu behar. Gaur egun oraindik Zero Waste aldarrikatzen dute ekologismotik edo kutsaduraren kritika erradikaletik urrun dauden konpainia handi batzuek. Lurreko zabortegiak ziren orduko buru argien kezka iturria. Beranduago, bigarren aro batean, ahalik eta hondakin gehien birziklatzea aipatzen zen.

2000. urte inguruan indarra hartzen hasi ziren Zero Zabor ideia modu zorrotzagoan aztertzen zutenak. Edozein produktu ekoiztu, garraiatu, saldu eta kontsumitzerakoan sortzen diren hondakin guztiak hartu nahi zituzten kontutan, bakar batzuk birziklatze soiletik askoz harago.

...Getting to Zero Waste (Zero Zaborreruntz) liburuan Paul Palmerrek dio teoria horren inguruan biltzen direla ingurumenaren arazo guztiak, klimaren aldaketa bezala uraren eta airearen pozoitze kimikoa, itsasoko arrainen urritzea eta abar. “Jende gehienak okerreko galderari erantzuten dio hondakinen kontuan. Galdetzen du ‘zer egin behar dut hondakina usatu ahal izateko?’. Baina galdera ona da: ‘Zer aldatu behar dut zaborrik ez sortzeko?”.

Zakarretarako ezer ez

Azken urteotan Zero Zabor ideiaren inguruko jende erreferentzialak Paul Connett eta Annie Leonard dira.

Leonarden Story of Stuff (Gauzen istorioa) filma klasiko bat da gaur egun. Ingelesez sortua baina beste hizkuntza askotara itzulia (gaztelaniaz badira bi bertsio Interneten, onena doinu ertamerikarra duena) herrialde aberatsetan bizi dugun kontsumismoak azpian dauzkan egiak azaleratzen ditu, egunero darabiltzagun gauzen sorrera eta ibilbidean argi eginez.

Paul Connet kimika irakaslea da New Yorkeko Saint Lawrence unibertsitatean, baina gaur aurkituko duzu Filipinetako biltzarrean hitzaldi nagusia ematen edo hurrengoan Italian, Rifiuti Zeroren edozein kanpainatan parte hartzen. Bere burua unibertsitariotzat adina mugimendu sozialen laguntzailetzat dauka.

Connettek badu paper bat non bere ideia laburbiltzen duen: Zero Waste: a Key Move towards a Sustainable Society (Zero Zabor: urrats funtsezkoa gizarte iraunkorrerantz). “Zero Zaborrek –dio Connettek– ezetz esaten die errauskailuei, zabortegi erraldoiei, gizarte xahutzaileari... eta baietz gizarte jasangarriari. Idealista dirudi, baina egia bihurtu dezakegu. Ez dugu espero behar zero zaborretara iristea datorren urtean, baina aurreratu dezakegu herri batzuk 2020rako horretatik oso hurbil egongo direla”.

Ingelesez hiru R aipatu izan dira hondakinen aferetan: Reduce, Reuse eta Recicle. Connettek laugarrena erasten die: Responsability. Herritar, udal, industrial, profesional, politikari... denek hartu behar dituzte dagozkien erantzukizunak.

Zero Waste aldarrikapena gehienetan herritarretatik hasi ohi da, sarritan administrazioek eta industria handiak hitzartu dituzten errauste plantei aurre egiteko alternatiba bila hondakinen bilketa selektiboa aldarrikatzen dutenean. Hala ere, Zero Zaborrek eskatzen du industrialak eta saltzaileak inplikatzea gero eta gehiago. Edozein produktuk diseinatu den unetik egon behar du prestatua iraunkortasunerako, produkzio prozesuak garbia izan behar du, garraioak sortzen dituen hondakinak ez dira ahaztu behar, eta produktutik kontsumitu ondoren geratzen denak berrerabiltzeko pentsaturik egon behar du.

Katearen beste muturra, produktuak kontsumitu ondorengoa, komunitateei dagokie egoki kudeatzea. Etxeetan bezala industrian eta komertzioan sortu diren hondar organikoak konpostatzea da arau nagusietako bat, baina ez bakarra. Birziklagarria den oro bereizi behar da azken errefusetik. “Errefusak dira gure akatsak” dio Connettek: errefusen tamainak erakusten du komunitate bat zein urrun edo hurbil dagoen Zero Zaborretik.

Hondakinen murrizten ahalegindu behar dute herriek eta administrazioek. Interneten begira hasiz gero munduan zein taktika erabiltzen diren, dena dago asmatuta, bai herritarren kontsumo ohiturak aldatzeko eta bai saltzaileak behartzeko hondakin gutxiago merkaturatzera. Ezer asmatzen hasi aurretik kopiatzeko adina eredu bada.

Zero Zaborren logikak eskatzen duen beste urratsa da kontsumoko objektuen konponketa eta zaharberritzea sustatzea. Azken finean, gauzen biziraupena luzatzea. Nahiz eta bitxi egiten den hau, normaltasun bakartzat ezarrita dagoenean dena merke erosi, berehala xahutu eta fite zakarretara botatzea.

Paul Connettek aipamen berezia egiten dio eraikuntzari: zaharra osorik eraisteko lan modua aldatu beharra dagoela. Eraikuntzak sekulako hondakin pila sortzen du, gaur ezin erabilizkoa. Destructionen ordez deconstruction behar dela, zaharra desmuntatu eraikuntzako erritmo berean, ahalik eta osagairik gehien berrerabili ahal izateko.

XXI. mendeko ideia nagusietakoa izanen da planeta mugatuko baliabideak ondo probestu beharra.

Argazki oina: Eco-Waste Coalition-ek Interneten lagatako argazki hau joan den azaroan egina dago, Filipinetako Puerto Princesa hirian. Han burutu zuen 6. biltzarra  Zero Zabor kontzeptuaren inguruan mundu osoan mobilizatutako taldeek osatzen duten Zero Waste International Alliance-k. Antolatzaileetan zegoen GAIA ere, etxeetako hondakinak erraustearen kontrako mugimendua, 2007ko irailean Gipuzkoako Hondarribian biltzarra egin zuena. Argazkirako mozorrotu diren militante filipinarren gibelean idatzirik ageri dira Zero Waste programaren osagai nagusiak: (ingelesezko ordena errespetatu gabe) hondakinak murriztu, bereizi, berrerabili, konpondu edo zaharberritu, konpostatu... Zero Waste Pilipinas gunean eskuragai daude han aurkeztutakoak.

Informazio gehiago:

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2018-07-22 | Mikel Asurmendi
Oier Guillan: "Arrakasta jendearekin komunikazioa lortzea da, horretarako egiten dugu lan"

Donostiako Larratxo auzoa, 1975. Oreretako Mikelazulo kultur elkarteko eta Metrokoadroka kolektiboko kidea. Kazetari, idazle eta antzerkigilea. Zauri Bolodia saioa (Txalaparta) eskuetan mintzatu gara, antzerkiaz bereziki: “Guk egiten dugun teatro motak bestelako irakurketa eskaintzen duelakoan nago. Liburuko Jota lagunak dioenez, ‘edonork dauka oholtza gainean aritzeko eskubidea’. Areago, gure antzerkia amateurra edo profesionala dikotomiaz harago doa”, erran digu... [+]


2018-07-22 | Axier Lopez | ARGIA
20 urtez adierazpen askatasuna jo-puntuan

“Goizero-goizero amosal bonba txiki batek, 50 bat gramokoa, eztanda egiten du Euskadin: Egin egunkaria”. Hala zioen Eusko Jaurlaritzako Barne Sailburu Juan  Mari Atutxak 1996an, gaur egun arte luzatu den ‘Dena da ETA’ teoriari ateak irekiz.


2018-07-22
"Belarrondoko", euskara ez entzuteko eskubidea aldarrikatzeko txapa

“Ahobizi” eta “Belarriprest” bezala identifikatzen ez den gehiengo isilaren borondatea errespetatu eta bizikidetzaren alde urratsa emateko, “belarrondoko” txapa sortu du Euskaraldiak.


2018-07-22
BBK Live jaialdiaren azkeneko edizioan %62 hazi da postureo-maila, antolatzaileen arabera

2018ko edizioaren balorazio positiboa egin dute BBK Live festibalaren antolatzaileek: egun guztietan sarrerak agortu dira eta jaialdira joan direnen postureo-maila iazkoa baino %62 handiagoa izan da.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude