argia.eus
INPRIMATU
Homofobiaren aurkako lege aitzindaria onartu du Kataluniak
  • Lesbiana, gay, transexual eta bisexualen (LGTB) eskubideak bermatzeko legea onartu du Kataluniak ostegun honetan. Kolektibo horietako pertsonak diskriminatzen dituztenentzat zigorrak izango dira aurrerantzean.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko urriaren 03a
Hezkuntzan, osasunean, lan merkatuan, kulturan edota kirolean hainbat neurri hartuko dituzte aurrerantzean berdintasuna eta errespetua bermatzeko. Argazkia: www.larepublica.pe

Gehiengo zabalez onartu dute Kataluniako Parlamentean LGTB-en Batzorde Nazionalak aurkeztutako lege-ekimena. Alderdi gehienek eman diote babesa, baina PPk aurka bozkatu du eta CiUko sozio txikienak, UDCk, desadostasuna adierazi du legearen zenbait puntutan, gai horri hezkuntzan egingo zaion tartean, esaterako.

Arlo ugaritan izango du eragina; hezkuntzan, osasunean, lan merkatuan, kulturan edota kirolean hainbat neurri hartuko dituzte aurrerantzean berdintasuna eta errespetua bermatzeko. Horrez gain, aldiro estatistikak egiteko konpromisoa hartu dute legearen aplikazioa eraginkorra dela ziurtatzeko.

Homofobo, lesbofobo eta transfoboei zigorrak

Onartutako testuak arau-urratze arinak, larriak eta oso larriak ezberdintzen ditu. Horren arabera, 132 eurotik 16.000 eurora bitarteko isunak ezarriko dizkiete LGTB pertsonak iraindu, baztertu eta erasotzen dituztenei, eta diskriminazioa lan-arloan emanez gero, erantzuleei lanpostuan jardutea debekatu ahal izango diete.  

 LGTB kolektiboko pertsonen aurkako delituak eta faltak Kode Penalaren arabera zigortuko dituzte, gainerako delituak bezala.

Eliza kexu

Sektore katolikoek ez dute begi onez ikusten legearen onarpena, eta bereziki zigorren aurka agertu dira. Jaume Balcells Tarragonako artzapezpikuak 2012an egindako adierazpenetan LGTB kolektiboaren jokabidea “gizartearentzat desegokia” zela esan zuen. Hitzok gaur esan izan balitu, lege berriaren arauak urratuko lituzke.