argia.eus
INPRIMATU
Hollywooden aurrean babesa mantentzeko eskatu dio ikus-entzunezkoen sektoreak EBri
  • Salbuespen kulturala AEBekin hitzarmen komertziala adosteko negoziazioetatik kanpo uzteko eskatu diote ikus-entzunezko sektoreko ordezkariek Durao Barruso Europako Batzordeko presidenteari. 6.000 profesionalek sinatutako oharra zabaldu zuten astelehenean. Horien artean dira Ken Loach eta Bernardo Bertolucci.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko ekainaren 12a
Costa Gavras zuzendari greziarra (Argazkia: unifrance.com)

Costa Gavras eta Cristian Mungiu zine zuzendariak buru dituen ordezkaritzak Europako ikus-entzunezkoen industriak “babes berezia” behar duela uste du. “Hollywoodeko superprodukzioen konpetentziak suntsituko du bestela.”

1993tik indarrean dagoen salbuespen kulturarekin ikus-entzunezko produktuok babesteko neurriak har ditzakete Europar Batasuneko (EB) estatuek. Hartara, baimendua dago zerga batzuk barkatzea, merkatu kuotak ezartzea eta produkzioa sustatzeko diru laguntzak ematea.

Hilabete bukaeran Irlanda iparraldean egingo den G-8ko bilkuran hasiko da AEBen eta Europar Batasunaren arteko negoziazioa. Ostiralean EBko 27 estatutako merkataritza ministroek baimendu behar dute negoziazioa eta mugak zein lehentasunak bilduko dituen dokumentua osatu.

Frantziako ordezkariak adierazi du ez duela dokumentua onartuko salbuespen kulturala negozia ezina dela zehazten ez badu. Ikus-entzunezkoak ez ezik kultur ekoizpenaren alor guztiak babestu beharko lituzkela adierazi dute beste zenbait herrialdetako ordezkariek, Barrosori bidalitako gutunaren bidez.