argia.eus
INPRIMATU
Hobenak eta hutsegiteak

Mikel Aramendi 2024ko apirilaren 02a

Datorren astean Joe Biden presidenteak Camp Daviden Fumio Kishida, Japoniako lehen ministroa, eta Ferdinand Marcos Jr., Filipinetako presidentea, hartzen dituenean, norbaitek pentsa lezake II. Mundu Gerra amesgaiztoa besterik ez zela izan. Eta Etxe Zuriaren iragarpen ofizialak dioen bezala, liderrek “hiruon arteko elkarlana bultzatuko dutela, adiskidetasunaren lotura historiko sakonetan, harreman ekonomiko sendo eta gero eta handiagoetan, balio demokratiko partekatuekiko konpromiso harro eta irmoan eta Indo-Pazifiko aske eta irekiaren aldeko ikuspegi partekatuan oinarrituta”; eta “Estatu Batuen eta Filipinen, eta Estatu Batuen eta Japoniaren arteko aliantzak berretsiko dituztela”.

Sarkasmoa erabatekoa izan zedin, Japonia eta Filipinen arteko “aliantza” ere aipatzea falta izan zitzaion ohargile dohatsuari.

Paperak zernahi jasotzen du eta, antza denez, nolanahi apaindu daiteke historia nahiz oraina paperean. Baina, zoritxarrez, II. Mundu Gerra ez zen ametsa izan Asia Ekialdean, amesgaiztoa esatea ere gutxi esatea baita. Milioi erdi eta milioi eta erdi biztanle (populazioaren ehuneko 3,5 eta 9 artean) artean hil baitzen Filipinetan, bere bi okupatzaileen arteko gatazka hartan. Bi milioi eta erdi eta hiru milioi pasatxo artean (biztanleriaren ehuneko 3,5 eta 4,5 artean) Japonia erasotzailean. Erasana izan zen AEBek izan zuten atarramendurik onena orduan, 200 mila hildako inguru (II. Mundu Gerra osoan izan zituenen erdiak) “besterik” ez baitzituen nozitu Asiako fronte hartan. Huskeria, apirilaren 11n mamutzar gisa ez bada Camp Daviden izango ez den Txinak nozitu zituen 15-20 milioi hildakoen aldean.

Ezin uka “lotura historikoak” sakonak direla. “Adiskidetasunezkoak” edo “balio demokratiko partekatuekiko konpromisoan” oinarritzen direla esateko, haatik, azala behar du.

Berez, 85-90 urte atzera eginez gero, agertokiak antzekotasun historiko ikaragarriak erakusten ditu... antzezleen paperak dezente aldatuta. Orduan bezalatsu, urrutiko botere hegemonikoak, bai, bertakoak lerrokatu nahi ditu, arriskutsua deritzon potentzia “berriaren” goranzko joeraren aurka. Hartarako, orduko borreroak eta biktimak nahas-mahasean elkartu daitezkeela ebaztea, ordea, gehiegitxo izan daiteke.

Baina, egungo Txina duela 90 urteko Japonia dela edo izan daitekeela uste izatea hobena baino zerbait okerragoa da: hutsegite ikaragarria da. Ulerbide hutserako: guztiz ezohiko moduan, Xik harrera egin dio jada Prabowo Subianto, Indonesiako presidente hautetsiari, karguaz jabetu baino lehen ere, iraganeko “txikikeriak” gorabehera. Eta Vietnam eta Txinaren arteko harremanak aspaldiko gozoenak direla esan daiteke.

Historia berregin behar izaten dute... hartatik ikasi ez dutenek.