argia.eus
INPRIMATU
Hobe argia.albisteak, argia.eus baino
  • Joan den astean zabaldu zen albistea: Izenak eta Zenbakiak Banatzeko Interneteko Korporazioak (ICANN) 2009tik aurrera lehenengo mailako domeinuak (.com, .net eta abar) liberalizatu egingo ditu. Hau da, aurrerantzean domeinu izenetan askoz ere aukera gehiago izango ditugu. Adibidez, Sustatuk zenbait proposamen egin zituen: sustatu.albisteak, zabaldu.albisteak, irratia.eitb, telebista.eitb... Era berean, ICANN-ek hartutako erabaki horrek .eus domeinua ere (euskarazko web guneei aipamen egingo liekeena) ahalbidetuko luke.

     

2008ko uztailaren 03a
Lehen mailako domeinuak

Oraindik dokumentu definitiboa ez da publikatu eta ez dakigu sor daitezkeen izenen jabegoaren inguruko desadostasunak nola kudeatuko diren. Baina guk galdera bat egin diogu geure buruari: posizionamenduaren ikuspegitik zein da interesatuko litzaigukeen domeinu izena? Mondragon Unibertsitateko Informatika irakasle eta posizionamendu gaietan aditu den Iñaki Lakarraren aburuz gaur egun, bilatzaileen funtzionatzeko modua kontuan izanik, askoz ere komenigarriagoa litzateke domeinuaren bidez gure webgunea zeri buruzkoa den adieraztea, euskaraz dela esatea baino: “Euskaraz posizionamendu ona lortzea nahiko erraza da, oso webgune gutxi baitaude. Google-ek badaki edukietan hitzak edo esaldiak topatzen, baina adibidez ez daki webgune bat zeri buruzkoa den. Adibidez, aipatu bilatzaileari esaten badiot nire webgunea ikerkuntzari buruzkoa dela ( .ikerkuntza domeinua erabiliz), nahiz eta nik ikerkuntza hitza nire edukietan ez erabili, norbaitek hitz gako hori sartzen badu, topatuko nau. Zentzu horretan posizionamenduari begira indar handiagoa luke gaur egun argia.albisteak bezalako domeinu batek argia.eus-ek baino”.

 

 

Google bilatzaileak garrantzia gutxi ematen dio euskarari

Euskarazko domeinua (.eus) erabiltzeak, sarean euskaldunon izaera indartzen lagunduko luke, dudarik gabe. Baina Lakarraren aburuz, posizionamenduaren ikuspegitik gaur egun garrantzi handiagoa dauka nabigazio hizkuntza euskaraz konfiguratua izateak eta bilaketak euskaraz egiteak .eus domeinua erabiltzeak baino. Agian etorkizunean egoera beste bat izan liteke, baldin eta bilatzaile handiek euren algoritmoak aldatuko balituzte. Gaur egun Google-entzat euskarak ez du garrantzia handiegirik, bere ustez euskarazko erabiltzaileak gutxi baikara.

 

Gazteleraz bilaketa bat egiten badugu, Google saiatzen da aurkitzen sartutako terminoaren singularra, plurala eta abar. Euskaraz ez da horrelakorik gertatzen. Liburua edo liburuak Google-ek ez ditu berdin ulertzen. Eta horretan .eus domeinua erabiltzeak ez luke ezer konponduko.

 

Baina, .eus domeinuak webgune batean euskarazko edukiak daudela adieraziko luke eta Google-ek hori kontuan izango luke eta euskarazko bilaketak egiten direnean lehendabizi .eus domeinuko edukiak aurkezten saiatuko litzateke, gaur egun gaztelera eta .es domeinuarekin gertatzen den bezala.

 

 

Bilatzaileek nola dakite euskaraz ari garela?

Hizkuntza batek zenbat erabiltzaile dituen jakiteko Google-ek nabigazio hizkuntza bezala lehenetsitakoari erreparatzen dio eta bilaketak egiterakoan erabilitako hizkuntzari. Horregatik da hain garrantzitsua euskarazko hitz gakoak erabiltzea bilaketetan eta nabigatzailearen hizkuntza euskaraz konfiguratzea.