Asteburuan PPko diputatuek eta gobernuko kideek kritika zorrotzak iritsarazi dizkiote Akademiari, hiztegiak “valentziera” eta “katalan” izendapenak baliokideak direla adierazten duelako.
Hizkuntzaren Valentziako Akademiak aurtengo urtarrilaren 31n onartu zuen Valentziako Hiztegi Normatiboa 12 urteko lanaren ostean. Hiztegi horretan irakurtzen denez “Katalunia, Valentzia, Balear eta Aragoiko koroako zenbait lurraldetako hizkuntzek hizkuntza bakarra” osatzen dute, “sistema linguistiko beraren baitakoak” direlako.
Hizkuntza komun horren izena “valentziera” edo “katalana” den ez dute zehazten, biak legezkotzat jotzen baitituzte.
Hiztegi Normatiboan plazaratutako baieztapen hauek PPren haserrea piztu eta kanpaina sutsua jarri zuten abian, bihar egitekoa zen aurkezpena boikotatzea lortu duten arte.
Generalitateko presidente Alberto Fabraren esanetan “instituzioa ez dator estatutuak zehazten duenarekin bat”, horregatik adierazi du bera arduratuko dela “hura betearazteaz”.
Valentzian egindako aitorpen hauetan Fabrak dio estatutuaren 6. artikuluak “valentziarren hizkuntza valentziera dela” zehazten duela.
Alberto Fabra: “Ez dut buelta gehiago emango. Estatutuak dio gure hizkuntza valentziera dela, eta hau da denaren gainetik defendatuko duguna”, “Valentzian, edozein arlotako ordezkari guztiek duten konpromisoaEstatutua defendatzea da”.
PPko idazkari nagusi den Serafin Castellanok ere publiko egin zuen atzo bere haserrea, adieraziz valentzieraren definizio honekin Valentziako Akademia herritarren sentimenduei kontrajartzen zaiela, eta hizkuntzaren definizio horrekin Valentziako Akademiak bere izateko arrazoia galtzen duela”.