argia.eus
INPRIMATU
Hizkuntzen museo txiki bat dago Parisen
  • Sena ibaitik metro eskasera egon arren, ez dago Mundolingua museoa aipatzen duen turismo gidarik. Kasualitateak baino ez gaitu eraman horra. Nolanahi, horrela aurkitzen dira, maiz, hiri baten sekretu gordeenak.

Karlos Zurutuza @karloszurutuza 2025eko irailaren 04a
Karlos Zurutuza

Parisko rue Servandoni-n dago, Pont Neuf-etik hamar minutu eskasera. Sartu bezain laster, 70 bat urteko emakume batek zure hizkuntza zein den galdetuko dizu. Horrelako toki batean, jakin banekien gogokoa izango zuela nire erantzuna.

“Euskara? Zoragarri! Ba al zenekien hizkuntz isolatua dela?”, bota zidan Elisabeth Djukic-ek (hala du izena), bere begi urdinez erantzun baten zain. Sarrera alboko arbel txikiari begiratu zion gero; bertan apuntatu zuen Mundolingua izeneko museo haren hogeita batgarren bisitari euskalduna nintzela 2013tik. Urte hartan ireki zen museoa. Kopurua hutsala iruditu zitzaidan, are harrigarriagoa bisita amaitu ondoren. Ordu pare bat falta ziren oraindik.

Normandiakoa den Elisabethek bi iloba dauzka Bidarten. Ikastolara joaten dira biak eta harro dago horretaz. Beste edozein hizkuntza legez, altxor hutsa da euskara. “Europako hizkuntz isolatu bakarra gainera”; hala berretsi zuen berak. Gauza gehiago galdetu nahi nizkion bere familiari eta, oro har, bere bizitzari buruz, baina denbora izango nuen horretarako.

Normandiakoa den Elisabethek bi iloba dauzka Bidarten. Ikastolara joaten dira biak eta harro dago horretaz. Beste edozein hizkuntza legez, altxor hutsa da euskara

Beste bisitaririk ez zegoen, beraz, bisita gidatu bat eskaini zidan. Txikia bezain bitxia den museo honek bi solairu ditu. Lehenengoan hizkuntzalaritzaren oinarrizkoei erreparatzen zaie: fonemak, gramatika, lexikoa… eta baita hizkuntzen irakaskuntzari ere. Noizean behin, ikasle-taldeak ohikoak ez dituzten soinu eta alfabetoetara gerturatzen dira bertan, eskuzko jolasen zein jolas interaktiboen bidez. Beste ehunka liburu zaharren artean, XVI. mendeko Calapini hiztegi bat ere badago, eta “hizkuntza zailenak” dioen panel batean, txinera edota klik hizkuntzak topa daitezke. Baina ez da hori oso zientifikoa. “Hizkuntzak ez dira ez errazak, ez eta zailak ere. Norberaren ama-hizkuntzaren araberakoa da hori”, gogoratu zuen Elisabethek. Jarraian, bonbillez jositako beste panel bati erreparatu genion: fonemaren bat asmatzen genuen bakoitzean, argi gorri bat pizten zen. “Jende askok huts egiten du p eta b artean. Ezpainbikariak beti dira konplikatuak, badakizu”.

Hizkuntzekiko maitasuna

Laguntza publikorik gabe, eskolako bisita urriak bilakatu dira museoaren diru iturri nagusia. Banakako sarrerak ere badira (zortzi eurotan), baina oso gutxi. Abuztuko larunbat hartan, Elisabethek zortzi bisitari espero zituen gehienez, ni barne. “Babelgo eskailera” deitu zion horretatik jaitsi aurretik, bere istorioa kontatu zidan. 2014an, bere amak 90 urte beteko zituen eta festa bat ospatzeko leku baten bila zebilen. Amona hura hizkuntzazale amorratua zenez, alabak pentsatu zuen ez zegoela museo hura baina toki egokiagorik.

Jabearekin harremanetan jarri zen; Mark Ollerman izeneko zeelandaberritarrak baiezkoa eman, eta egun osorako eskaini zion tokia. Merke, gainera. Urtebetetze festa zoragarria izan zen. Elisabethi ikaragarri gustatu zitzaion tokia; alargundu eta erretiratu berri, bere burua eskaini zion Ollermani bertan lan egiteko, musu-truk. Espero bezala, zeelandaberritarrak baietz esan zuen.

“Markek bere turismo negozio propioa izan zuen hogei urtez. Hura saldu eta museo hau eraiki zuen. Ez al da istorio ederra?”

“Markek bere turismo negozio propioa izan zuen hogei urtez. Hura saldu eta museo hau eraiki zuen. Ez al da istorio ederra?”, bota zuen. Nagusiaren zenbakia pasa zidan jarraian, eta berarekin hitz egin nuen handik bi egunera. Besteak beste, aho bete hortz utzi zuen Louis Lucien Bonaparteren hizkuntzekiko maitasunak. Ez zeukan bere euskalkien maparen berri, eta kopia bat eskatu zidan. Laster zintzilikatuko du museoko pareta batean.

Edonola, Babelgo eskaileratik jaisteko zorian ginen Elisabeth eta biok. Bide erdian, gela txiki batean, plasmazko pantaila bat eta egurrezko bi besaulki zeuden. “Mikrozinea” zen, baina pantailarekin arazoren bat zegoen, horregatik ez zuen piztu. Washingtoneko hizkuntzen museoa etorri zitzaion burura orduan. Askoz handiagoa da, baina, inondik ere Pariskoa bezain abegikorra. “Honek arima du; beste horrek, aldiz, merkataritza gune bat ematen du”. Arrazoi zuen. Interneten Planet World bilatzea besterik ez dago.

2.100 karaktereko idazmakina

Era guztietako objektuen pilaketa espero nuen beheko solairuan: hiztegi zahar gehiago, hizkuntzalari nabarmenen argazkiak (Chomsky, Saussure, Sapir...) hormetatik zintzilik… Zenbait alfabetotan idazteko makinak daude, arabiera, hebreera, zirilikoa edota armeniera haien artean, bai eta 2.100 karaktereko txinatar bat ere. Idazteko makina baino, inprenta itxura du. British Museum-ek enkarguz egindako Rosetako Harriaren erreplika bat ikusi nuen (“Zortzi hilabete behar izan zituzten hura egiteko. Ez dakit zenbat kostatu zen, baina oso garestia izan zen”), eta Bigarren Mundu Gerran kode naziak deszifratzeko erabiltzen zen Enigma makina. Azken hori ere erreplika bat da, baina benetako bat izan omen zuten erakusgai duela gutxira arte. Tamalez, zeelandaberritarrak saldu egin behar izan zuen iragan udaberrian. Lokalaren hipoteka ez da makala.

Bilduma zoragarri hori sabai gangatu baten azpian zabaltzen da. Zein izan zen espazio haren funtzioa duela hirurehun urte? Ur-biltegi bat? Kripta bat akaso? Bertso debekatuak errezitatzen ziren bertan? Versailleseko boterearen aurka konspiratzen ote zen? Ez Elisabethek ez Markek ez dute erantzuna ezagutzen. Istanbulgo Basilika Zisternaren irudi bat etorri zitzaidan buruan. Parisen, baina, ez nuen Medusaren burua topatuko lurrean; gora begiratu beharra dago. Lurpeko isiltasun haren erdian, argi mehe haren azpian, bizitza sortzen ari da, edo hala dirudi. Bi zutabeetatik gora, landare igokariak gangan zehar hazi eta zabaltzen dira, libre. Hizkuntz familia zuhaitzak dira: indoeuroparra, uraliarra, nilo-sahariarra... Bakoitzak bere adarrak ditu, jakina, eta hizkuntzak irudikatzen dituzte haien hostoek. Elisabethek euskararena bilatu zuen. “Begira! Hor dago, bakar-bakarrik”, seinalatu zuen hatzaz, lur azpiko harrizko zeru hartan.

 Karlos Zurutuza
 Karlos Zurutuza
 Karlos Zurutuza
 Karlos Zurutuza
 Karlos Zurutuza
 Karlos Zurutuza
 Karlos Zurutuza