Euskara biziberrituko bada, hizkuntza politiketan jauzi bat ematea ezinbestekotzat du Euskalgintzaren Kontseiluak. Jauzi hori emateko proposamen bat aurkeztu du, eta itun soziopolitiko berri baterako deia egin du, irailaren 26an, Batuz Aldatuko Sinatzaileen II. Batzarrean. 2021ean, etorkizunari begirako ardatzak eragile sozialekin adostu zituzten Batuz Aldatu prozesuaren bidez. Azken urtean, prozesu horretan lortutako adostasun soziala akordio politiko bilakatzeko lanean aritu da Kontseilua. Proposamena 113 eragilek sinatu dute.
Irailaren 26an, Miramon Parke Teknologikoan, Donostian, bildu dira prozesuan parte hartu eta sinatzaile izan diren hamarnaka eragile. Haien aurrean, besteak beste, Idurre Eskisabel Kontseiluaren idazkari nagusiak hartu du hitza. Adierazi du adostasun sozialaren bidez euskararen biziberritzean jauzi bat eman daitekeela eta gizarteak hori eskatzen duela. 113 eragilek sinatu dute agiria. "Oinarri zabaltzat" du Eskisabelek lortutako atxikimendua, baina sinatzaileei eskatu die oinarria zabaltzen laguntzeko, "zabaltzeko beharra" dagoelako. Itun berri baterako eskaintza hori "amesten dugun pizkunde horretara" heltzeko bide bat dela azpimarratu du, eta lortutako akordioaren garrantzia nabarmendu du: "Posible da pizkundea, horretarako adostasun soziala badago".
Batuz Aldatu dinamika 2021ean abiatu zen. Kontseiluak, orduko hartan, adierazi zuen hizkuntza politiketan jauzi bat egiteko beharra zegoela. 2025ean, euskararen biziberritzean paradigma berri baten beharra are eta nabarmenago hautematen du. Oldarraldi judiziala aipatu du, eta gogorarazi du 2024an euskaldunen komunitatea larrialdi linguistikoan dagoela adieraztera behartuta ikusi zuela bere burua. Berriki UEMAk aurkeztutako 2036rako proiekzio demolinguistikoaren emaitza kezkagarriak ere aipatu ditu erakundeak.
2021ean, 110etik gora elkartek, fundaziok, eragilek, enpresak eta sindikatuk Batuz Aldatu: Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala aurkeztu zuten eta euskararen biziberritzean pausoak emateko akordio soziopolitiko berri baten alde lanean hasi ziren. Lan horretan, Kontseilua eta beste hamar eragilek osatutako talde eragilea aritu da lanean eta prozesuaren emaitza Batuz Aldatuko Sinatzaileen II. Batzarrean aurkeztu dute: Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza. Talde Eragileko ordezkariak hauek izan dira: Athletic Club Fundazioa, Agirre Lehendakaria Center, Mondragon Korporazioa, Eusko Ikaskuntza, Euskal Kontsumitzaileen Alkartea, Taupa Mugimendua (Euskaltzaleen Topagunea), Bizipoza Bilgunea, AEK, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Nafar Ateneoa eta Euskalgintzaren Kontseilua.
Urtebetez itun soziopolitiko berrirako edukiak zehazten aritu dira, 2021ean Batuz Aldatu dinamikak lortutako adostasun sozialean zehaztutako bi oinarriak ardatz hartuta. Bi oinarri edo norabide nagusiak hauek dira: batetik, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatzea, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten, eta bestetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta elkarlotzea, “hala nahi duen edonork ez dezan izan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik”. Irailaren 26an aurkeztutako proposamen-agirian, bi norabide horiek garatzeko arloak banaka-banaka zehazten dira hala nola, hezkuntza, helduen euskalduntzea, kulturaren transmisioa, arlo sozioekonomikoa, administrazioa, astialdia eta eremu digitala.
Kontseiluak proposamena euskal gizarte “zabal eta konplexuari”, alegia, gizarte eragile eta herritar orori zuzendu die. Dena den, azpimarratu du norbanakoek bezala, erakunde bakoitzak bere erantzukizunak dituela. Arduraren eta eragiletasunaren lehen lerroan jarri ditu eragile instituzionalak eta politikoak, eta hurrenez hurren, eragile ekonomikoak, eragile sozialak, kultur eta akademia eremukoak. Azkenik, herritarren “multzo zabal eta askotarikoa” aipatu dute. Arduraren lehen geruzan ezarri dituzten eragile instituzional eta politikoei lehentasunezko politika publikoak abiatzea eskatu diete, horretarako araugintza, inbertsioak eta baliabideak ezarriz. Ausardiaz eta anbizioz jokatzea eskatu diete.