argia.eus
INPRIMATU
Hizkuntza politika "ausarten" alde jauzia egiteko beharra azpimarratu du Kontseiluak
  • Euskalgintzaren Kontseilua osatzen dute taldeek 2021. urteko datuekin osatutako ikerketa finantzatu dute. Uste dute Nafarroa, EAE eta Ipar Euskal Herriko VII.en Inkesta Soziolinguistukoek hainbat datu eskaini dituztela "azken 30 urteetan euskararen normalizazio prozesuaren baitan harturiko neurrien, eginiko lanaren eta lorturiko emaitzen diagnostikoa osatzen laguntzeko".

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko apirilaren 04a
Euskalgintzaren Kontseiluak Batuz Aldatu ekimena jarri du martxan batasun zabal eta bide orri argi bat eskaintzeko. Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua.

Inkesten emaitzen arabera, Kontseiluak esan du daturik positiboena euskararen ezagutzak gora egin duela dela. Nafarroan eta EAEn gertatu da ezagutzaren igoera, baina Ipar Euskal Herrian proportzioa apaldu egin da, "galera prozesu" nabarmenean. 

Bestalde, euskal hiztunen proportzio handiena 24 urtez azpiko biztaleen artean dago, baina haur eta gazteen pisu demografikoak behera egin du eta eragina "mugatuagoa" da. Era berean, migrazio joeren ondorioz euskal herritar berri asko helduak dira. Hortaz, Kontseiluak adierazi du helduen euskalduntze alfabetatzeak lan arlo garrantzitsua izan behar duela euskararen "biziberritze prozesuan".

Ezagutza erabileran nola islatzen den aztertuta, hiztun kopurua hazi den heinean, gaztelaniaz euskaraz baino errazago moldatzen direnen kopuruak ere nabarmen egin duela gora esan du kontseiluak. Horregatik, Kontseiluak azpimarratu du oinarrizko euskara gaitasuna belaunaldi berriei bermatzea hartu beharko lukeela helburu hezkuntza sistemak. 

Euskararen erabilera sustatzeari buruzko jarreretan, eremu batean geroz eta hiztun kopuru altuagoa, orduan eta euskararekiko atxikimendu handiagoa dagoela islatzen da, Kontseiluaren arabera; EAEko herritarren hamarretik bederatzi haurrek euskara ikasi beharko luketela deritzo eta lau herritarretik hiruk defendatzen dutela administrazioan lan egiteko euskara. Ezagutzatik erabilerarako bidean eragiteko hizkuntza politika "ausartak" behar direla esan du eta arlo horretan jauzi bat egitea "ezinbestekoa" dela: hizkuntza eskubideen alde, herritaren berdintasunaren alde, gizarte justizia eta kohesiaoren alde. Oro har, euskaraz bizi nahi dutenen alde. 

Batuz aldatu ekimena

Euskalgintzaren Kontseiluak Batuz Aldatu ekimena jarri du martxan "batasun zabal" eta "bide orri argi bat" eskaintzeko. Alde batetik, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatuz, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten. Bestetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortuz, garatuz eta elkarlotuz, hala nahi duen orok ez dezan izan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik.