Irailaren 9an eta 12an egingo dituzte udako eskolak. Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintzaren Laborategiak hizlari potenteak gonbidatu ditu, besteak beste, Iñaki Iurrebaso, Olatz Altuna, Jon Sarasua, Idurre Eskisabel, Josu Aztiria, Iñigo Urrutia eta Miren Zabaleta. Antolatzaileen ustez, euskararen biziberritze prozesuan “arrisku estruktural eta politiko larriak” daude, eta ezinbestekoa da politika ausart eta berritu bat gauzatzea. Hizkuntza politika berriez eta oldarraldi juridikoari aurre egiteko mekanismoez hitz egingo dute.
Udako eskolak antolatu dituen TM eLab-eko antolatzaileen iritziz, diagnosia argia da: arrisku estruktural eta politiko larriak daude biziberritzean, eta diagnostikoa “nahiko bateratua” da. Alabaina, erremedioa definitzeko jauzia eman behar dela diote, jauzi kualitatiboa, orain arteko aurrerapausoak ez direlako nahikoa izan. Norabide estrategiko berria zehazteko gogoeta sozial eta politiko zabala proposatzen dute, euskararen normalizazioa herri proiektuaren muinean kokatzea, borondate politiko sendoago baten bidez.
Urrutia eta Zabaleta oldarraldi judizialari aurre egiteko mekanismoez
Irailaren 9an, Bilbon, (hemen egitaraua eta izena emateko aukera), oldarraldi judizialari aurre egiteko mekanismoez arituko dira Administrazio bat, bi hizkuntza. Berdintasuna eta aukera izenburupean. TM eLab-eko kideek gai horri heldu diote ikusita azken urteotan areagotu egin dela euskararen aurkako oldarraldi judiziala. Antolatzaileen ustez, atzean estrategia politiko “argia” dago eta euskararen erabilera publikoa eta instituzionala ahultzea nahi dute. Gehitu dute horrek zuzenean kaltetzen duela hiztunen berdintasuna eta euskararen biziberritze prozesua. Oldarraldi horri aurre egiteko marko juridiko “sendoagoa” eraikitzea eskatu dute. Gai horri tiraka, Kataluniako eta Galiziako hizlariek (Eva Pons eta Alba Nogueira, hurrenez hurren) beren erkidegoetan funtzio publikoaren erregulazioa nolakoa den azalduko dute. Iñigo Urrutiak EAEn hizkuntza plangintzarako eredu berri baterako trantsizioari buruzko txostenaren berri emango du. Josu Aztiriak, berriz, Euskal Enplegu Publikoaren 2022ko Legea aldatzeko Lege Proposamenaren aurkezpena egingo du. EAJk egindako Lege Proposamena ondorengo eztabaida saioan izango dute hizpide.
Hizkuntza politika berri baten beharraz
Irailaren 12an, Bergaran, hizkuntza politika berrien inguruko hausnarketari bidea irekiko diote. Iñaki Iurrebaso eta Olatz Altuna euskararen bilakaera soziolinguistikoaz, gaur egungo egoeraz eta etorkizuneko joerez arituko dira. Jon Sarasua, Idurre Eskisabel eta Josu Aztiriak, berriz, hizkuntza politikaren oinarriez eztabaidatuko dute. Biziberritze prozesuan jauzi estrategikoak identifikatu eta nolakoak izan beharko luketen aztertuko dute. Ondoren, Miren Zabaleta eta Iñigo Urrutia izango dira hizketan. Euskararentzako estatus juridiko berri baten premiaz hitz egingo dute, eta gaur egun horretarako dauden aukerez. Urrutiak Euskal Autonomia Erkidegoko egoera aztertuko du eta Zabaletak Nafarroakoa.