argia.eus
INPRIMATU
Hizkuntza-minak

Cira Crespo @maternalias 2024ko otsailaren 12a
Euskara bultzatzeko Geu Elkartearen ekimena Gabonetan, Gasteizen. Argazkia: Arabako Alea

Elkarrizketa hori izan duzu, polita izan da, baina gero, neskaren ondotik aldendu zarenean, ez dakizu zer gogoratuko duzun, zerk piztu zizun arreta, baina konturatu zara, denboratxo bat pasa ondoren, bera ere euskalduna zela. Eta, ohartu zara zure hizkuntza hitz egiteko beste aukera bat galdu duzula, eta zure errua izan dela, zeu hasi zarelako hizketan; erdaraz hasi ere.

Ez da ezer, beste baterako, badakizu. Ez da garrantzitsua, haize hotz baten sentsazio desatsegina baino ez. Aurrera, ba.

***

Gaur animoso esnatu zara, gaur bai, gaur saiatuko zara, eta dendan esango duzu:

- Kaixo! Euskaraz, bai?

- No.

Arantzatxo bat bezalako min txikia.

***

Egun batzuetan mailatua iristen zara etxera, batailaren lehen lerroko borrokalari koldar bat bazina bezala.

Unibertsitatera joan behar zara, hizkuntzak ikertzen diren eraikin batera, hain zuzen. Zalantzarik gabe gerturatzen zara idazkaritzara:

- Kaixo! Badakizu non dagoen...

Eta ezin duzu esaldia bukatu, entzuten ari zen emakumeak harritutako aurpegia erakutsiz moztu dizulako:

- ¿Qué? ¿Cómo? ¿Qué dices?

Zaplazteko bat ematen dizutenean bezalako mina.

***

Umea gaixorik dago, txikia da, oraindik trakets hitz egiten du, euskaraz baino ez daki. Eta medikuak ez daki euskaraz, eta zuk interprete lana egin beharko duzu. Nekatuta sentitzen zara, eta berriro esan duzu:

- Perdona, no te entiende bien.

Eta zure ahotik, berriro ere, barkamen eskea atera denean, mina sentitu duzu.

Erleak eztena iltzatu balizu bezalako mina.

***

Espresuki bilatu duzu gizarte etxean gimnasia euskaraz egiteko klase bat. Pozik zaude. Hala ere, egun batzuk barru ordezko bat etorri da, eta ez daki euskaraz. Inork ez du ezer esan, ez da kexarik egon, zurea ere ez. Zer esango diozu, ba? mutil gazte bat da, agian bere lehenengo lana izango da... Ez, ez da hori. Nekatuta zaude, eta ez daukazu borrokatzeko gogorik. Kurtsoa gaztelaniaz izango da.

Zeren kontra egin dut estropezu? Muturrez aurrera erori banintz bezalako mina sentitu dut.

***

Gaua da, demagun, ostegun gaua, aste gogor bateko osteguna, hain zuzen. Sukaldetik oihu egin duzu, zure semeak entzun dezan: "Mesedez, lagundu mahaia jartzen!". Urrutitik erantzun dizu: "¡Ya voy!". Kaka zaharra.

Zuk pentsatzen zenuen etxea erresistentzia gunea izango zela, baina ez, noski, arazoa sukalderaino sartu zaizu.

Urrutitik entzun duzu "¡ya voy!" eta negar egiteko gogoa ematen duen mina bezalakoa sentitu duzu.

***

Gasteiz arnasgune izatetik oso urruti dago, eta ordezkapen linguistikoaren aukera erreala gordin ikusten da, batzuetan. Badaude, jakina, txoko goxoak, une ederrak, eta gure jendea, baina egun batzuetan mailatua iristen zara etxera, batailaren lehen lerroko borrokalari koldar bat bazina bezala.