argia.eus
INPRIMATU
Hizkuntza inklusiboak “ikuspegi berdinzaleagoa” garatzen laguntzen du, ikerketa baten arabera
  • Emakundek babestutako Hizkuntza aldaketa sozialerako tresna: hizkuntza inklusiboaren erabileraren ondorio batzuen azterketa teorikoa eta enpirikoa ikerketak ondorioztatu du hizkuntza inklusiboa erabiltzea garrantzitsua dela genero ezberdintasunak ez areagotzeko.

Jon Fernández González 2025eko uztailaren 09a
Emakunderen beka jaso duen ikerketaren aurkezpena. Irekia.eus

Laura Vela-Plo, Marina Ortega-Andres eta Marta De Pedis ikerlariek egin dute Emankundek uztailaren 7an aurkeztutako ikerketa. Emakundek ematen duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna bekarekin burutu dute azterketa. Hizkuntza inklusiboaren ondorioak aztertzeko orduan euskaran eta gaztelanian dauden hutsuneak betetzea izan dute helburu ikerlariek, arloko ikerketa gehienak ingelesa edo alemaniera aztertzen baitituzte. "Genero gramatikalik gabeko hizkuntza denez, hizkuntzaren erabilera sexistarik sortzen ez duela uste da, eta hori ez da guztiz egia", azpimarratu dute euskararen inguruan.

Ikerketak hiru "ikasketa esperimental" jazotzen dira: "Horietako bi gaztelaniaz, EHUko ikasleekin eta biztanleria orokorrarekin egin dena, eta bestea euskaraz, euskal unibertsitateko ikasleekin bakarrik".

Aldekotasunak eta erresistentziak

Gaztelaniazko ikasketatik nabarmendu duten ondrioetako bat da hizkuntza inklusiboak "munduaren begirada soilik maskulinoa" murrizten duela. Parte hartu duten pertsonetatik inork ez du jo hizkuntza inklusiboa kontu "alferrikakoa edo barregarria" denik, baina "erressitentzia" batzuk azaleratu dira: besteak beste, hizkuntza inklusiboa erabiltzearen zailasunak eta hori baino arazo "larriagoak" daudela esatea.

Euskal hiztunekin egindako azterketari dagokionez, ikerlariek nabarmendu dute parte hartzaileen gehiengoa azaldu dela "emakumeak esplizituki aipatzen dituen hizkuntza inklusiboko estrategia" baten alde, baina, aldi berean, adierazi dute "euskara modu inklusiboagoan erabiltzeko estrategiarik" ez dutela ezagutzen.

Euskarazko azterketan, pertsona gehienek egokitzat joko lukete emakumeak esplizituki aipatzen dituen hizkuntza inklusiboko estrategia bat, nahiz eta onartzen duten ez dutela ezagutzen euskara modu inklusiboagoan erabiltzeko estrategiarik.

Oro har hizkuntzak portaeran eragina duela ondorioztatu dute, eta azpimarratu dute ikerketa sakonago eta lagin handiagoarekin egiteko beharra, "genero gramatikalak nola eragiten duen zehatz-mehatz ulertzeko"