Donostiako Udaleko EH Bilduko zinegotzi Amaia Almirall Lopez de Luzuriagak mozio bat aurkeztu du eta ostiralean bozkatuko dute alderdiek. Joan den maiatzean Ertzaintzako bi agentek herritar baten hizkuntz eskubideak urratu izana eta ARGIAren aurkako salaketa aipatzen ditu eta "bere herritarrak babesteko eta Donostian euskaraz egitea errealitate bihurtzea helburu" izateko eskatuko dio Donostiako Udalari Udalbatzak.
ARGIAk mozioa eskuratu du eta jarraian irakurgai osorik:
Donostiako Udalak indar eta esfortzu handi eta ugari egiten ditu gazte donostiarrek euskaraz egin dezaten hala nola euskararen erabilera bere egunerokoan eta zirkunstantzia guztietan ohikoa izan dadin.
Tamalez praktikan arazo ugari suertatzen dira, inoiz gatazka mailara ere ailegatzen direnak. Horregatik, beste arrazoi ere direla medio, Donostiako Euskararen Plan Orokorra 2015-2019 delakoak honako helburu hau jarri zion Udalari: “donostiarren hizkuntza eskubideetan eragina izan dezakeen edozein egoeraren aurrean, Udala dagokion erakundearekin harremanetan jarri eta egoera horri aurre egiten saiatuko da nahiz eta Udalaren eskumenekoa ez izan”.
Arazook inoiz gatazka mailara ere ailegatzen dira eta horixe izan da Donostiako gazte batzuekin iazko maiatzean gertaturikoa, Gipuzkoa plazan Ertzaintzak beraien identifikazio unean egin zuenean beraiek euskaraz egiterakoan tira birak sortu baitziren. Udal Gobernuak gaiaren jarraipena egin du, besteak beste talde honetatik eskatuta ere, eta informazio osagarria eskuratu du, eskubidearen urraketa egon zela Ertzaintzak berak errekonozitu zuelako Behatokik duen twitter kontuaren bidez, eta Segurtasun Sailak barkamen publikoa egiterakoan.
Halaber horren guztiaren lekuko publikoa izan da sare digitalen bidez zabaldu zen bideoa Argia aldizkariaren kazetaritzari esker. Tamalez euskal kazetaritzaren eguneroko egiteko zailari egun hedabideek jasaten dituzten muga estuak gehitu behar izan zaizkio arestian azaldutako gertakizunen berri emateagatik.
Euskarak bizi duen egoera zailari oztopo berriak gehitzea bide ez denez kasuok epaitegian ebatzi baino hobe litzateke modu egokiagoan konpontzea eta hor Udalaren bitartekaritza lana garrantzitsua izan daitekeelakoan gaude, are eta gehiago eskubide urraketaren onartze bera abiapuntua hartuz gero, Udal Gobernuak azpimarratu duen moduan, eta Udalak bere Plan Orokorrean jaso zituen helburuak kontuan hartuta.
Horiek horrela, honako hau da behean sinatzen duen zinegotziak aurkeztutako KONTROL MOZIOA:
- Donostiako Udalbatzak hertsiki eskatzen dio Udal Gobernuari, dagokion Euskararen Plan Orokorra aginduei jarraikiz, hizkuntza eskubideen urraketa suertatzen denean sor daitezkeen gatazkak beste erakundeen eta donostiarren artean egoki konpontze aldera, eskura dituen baliabideak bitartekaritza lanetara bideratzeko, bere herritarrak babesteko eta Donostian euskaraz egitea errealitate bihurtzeko helburu.
Donostian, 2019ko martxoaren 15ean
Amaia Almirall Lopez de Luzuriaga
EH BILDU udal taldeko zinegotzia
Hemen dokumentua.