Caddo hizkuntza gorde eta biziberritzeko ahaleginean ari den ekintzailea da Alaina Tahlate. AEBetako jatorrizko caddo herriko hizkuntza hori jario oneko hiztun bakarrarekin gelditua zen: Edmond Johnson, 95 urteko hiztunarekin. Tahlate gazteak aitortu zion estutasunez bizi zuela ardura, ia hiltzear zen hizkuntzaren ondarea gordetzea. Zaharrak gaztea adoretu zuen: “Segi. Elkar lagundu. Elkarri irakatsi”. Uztailean hil da Edmond Johnson, caddo hizkuntza jariotasunez hitz egiteko gai zen azken hiztuna.
Oklahoma estatuko Kosu hedabideak ekarri du Alaina Tahlate eta Edmond Johnsonen berri. Caddo Nazioa, gaur egun, Oklahoma estatuaren hego-mendebaldean dago kokatuta. Nazio horretan 7.000 lagun inguru daude erroldatuta. Jatorriz, Texas ekialdekoak ziren caddo herritarrak, baita gaur egungo Lousiana, Arkansas eta Oklahomakoak ere. Behartuta alde egin behar izan zuten haien lurretatik, eta gaur egun haien nortasuna eta hizkuntza mantentzeko erronkari eusten diote.
Tahlate-k, Caddo Nazioak abiatutako egitasmo baten karietara, eta hizkuntzari buruzko ahalik eta informazio gehien gordetzeko ahaleginean ari zela, kolpe galanta hartu zuen COVID-19aren pandemia garaian. Jariotasunez hitz egiteko gai ziren zazpi zaharrekin ari zen lanean eta horietatik bost gaitzak eraman zituen. Katherine Proctor eta Edmond Johnsonekin gelditu zen. 2023an, Proctor hil zen, 104 urte zituela. Hizkuntza desagertzear, eta Tahlatek Johnson baino ez zuen erronka latzean laguntzaile. Aitortu zion presio handia sentitzen zuela bere gain. Ipuin kontalari ona nonbait zaharra, eta ekintzaile gaztea adoretzeko Vietnamgo gerran bizitako pasadizo bat kontatu zion. Zaharrak helikopterotik jauzi egin behar zuen Vietnamgo oihanetara: “Ezin duzu zalantzarik izan jauzi egiteko gai zaren ala ez. Ezin diozu zure buruari esan zalantzak dituzula, zeren dagoeneko zalantzak dauzkazu”. Gazteak gehitu du: “Gu denoi, hain zuzen, opa zigun ez etsitzea”.
Hiztunik gabe geratu diren arren, Tahlate ekintzailea baikorra da
Johnson zaharra hil da eta ondo hitz egiten duen caddo hiztunik ez dago. Etxean caddoa hitz eginez hazi den azken hiztun belaunaldiak gaur egun 70 eta 80 urte bitartean ditu. Batez ere eskolaren eraginez galdu zuten etxeko hizkuntza, ingelesez ikastera behartu baitzituzten. Egoera latzaren aurrean, Tahlatek tinko eusten dio. Hurrengo belaunaldiak bestelako norabide bat hartuko duen itxaropena du. Berak nahi du caddo komunitateak sinestea hizkuntza ez dela hil, “besterik gabe lo dago, inoiz ugari hitz egin zen eremuetan, hala nola etxean eta administrazioan”. Eta gehitu du hizkuntza bat hilda dagoela baldin eta jendeak hitz egiten ez badu. Azken hiztun osoa hilda, hizkuntza ekintzailearen asmoa da aurrera begirako estrategiak aldatzea, eta hizkuntza partekatu eta berriz eremu komunitarioetan erabiltzeko moduak bilatzea.
Kemen handikoa da Tahlate. Ez du zehazten zein eskola motatan ari diren haurrak caddoa ikasten, baina bistan da etxea ez den beste egituraren batean hala egiten ari direla. Hizkuntzak eskolatik etxerako bidea egingo duela espero du: “Orain caddoa ikasten ari diren txiki horiek hazten direnean, haien alaba-semeei hitz egin diezaiekete caddo hizkuntzan; 80-90 urtetan lehenengo aldiz gertatuko da hori. Badakizu, caddoa lehen hizkuntza duen hiztun berri bat, caddoa etxeko hizkuntzetako bat izango du”.