Irailaren 18koa da azken sententzia: Donostiako udaltzaingorako lanpostu deialdiaren euskara eskakizuna atzera bota du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Donostiako Bagera Euskaltzaleen elkarteak elkarretaratzea deitu dute Donostian, Alderdi Ederren, 19:00etan.
Kontseiluaren oharraren arabera, Donostiako Udaleko ordezkariak, EAJ eta EH Bilduko arduradunak, bai eta ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak izango dira elkarretaratzean.
Kontseiluak adierazi du euskararen normalizatzearen aurkako sententziak “areagotu” egin direla azken urteetan, “botere judizialak abiatutako oldarraldiaren ondorioz”. Azpimarratu du herritarren zerbitzuak hizkuntza propioan jasotzea oinarrizko eskubidea dela eta udaltzainek, euskara ezagutzen ez badute, ezingo dituztela euskaldunen eskubideak bermatu.
Herritarrei dei egin die elkarretaratzean parte hartzera, “enegarren sententzia eta eskubide urraketa honen aurrean kezka eta desadostasun irmoa erakusteko”. Donostiako Bagera Euskaltzaleen elkarteak bere oharrean adierazi du "Donostian euskaraz bizi nahi" dutela eta euskararen normalizazioaren bidean ez dutela "eskubide murrizketarik onartuko".
Sententziak dioena: Donostiako udaltzainek ez dute zertan euskara jakin
Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Donostiako administrazioarekiko auzietako 3. epaitegiak abenduan emandako ebazpena: Donostiako Udalak bi udaltzain lanpostutarako egindako deialdian euskarazko B2 profila eskatzea baliogabetu du. Donostiako Udalak helegitea jarri zion aipatu ebazpenari, baina Auzitegi Nagusiak atzera bota du, udaltzainok euskara ezagutzea beharrezkoa ez dela argudiatuta, euskaldunon aurkako oldarraldi judizial betean, hainbatetan errepikatu diren arrazoiengatik: euskarazko profila eskatzea "neurriz kanpokoa eta diskriminatzailea da", lan-poltsaren helburua delako udaltzain faltari aurre egitea, eta hortaz euskara ezagutzeak bigarren mailakoa izan behar duelako.
Albiste osatua hemen: Euskaldunen aurkako “oldarraldi” judizial betean, euskara eskakizuna berriro baliogabetuta