argia.eus
INPRIMATU
Hizkiak, goitik behera (eta ezker-eskuin)
  • Hitzen lioa Irunen, jaun-andreok. Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen X. Txapelketa. Euskara bidegurutzean omen dagoen honetan, ez da inor harrituko hitzak ere gurutzatuta ageri badira tarteka. Areto erraldoiak eta futbol-estadioak erruz –eta batez ere erraz– betetzen ari garen honetan, 30 lagun prestuk goiz-pasa polita egin zuten pasa den larunbatean Irunen, hitz gurutzatuen hiriburuan.

BeƱat Muguruza Aseginolaza @Benatmug 2025eko azaroaren 24a

Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa 2007an ospatu zen lehenengoz, eta zortzi edizio izan ziren jarraian, Lumaren eskutik. Hamar urteko etenaldiaren ondoren, Irungo Aitzondo euskara elkarte pantailak heldu zion lemari, eta aurten ere horretan jardun dute. Irungo Udalarekin elkarlanean antolatu dute edizio borobila.

Iazko txapeldun Maddi Iza ondo pasatzera etorri zen aurtengo ediziora ere. Badakizue, esaten diren gauzak. Espero dugu ondo pasako zuela, nola ez, baina ez zuen erakutsi txapelari ihes egiteko asmorik batere: lehenengo proba (10 x 10 lauki) 11 minutuan osatu zuen, bigarrena (12 x 12 lauki) 12 minutuan. Finala desberdina da: panel handi batzuk muntatu, eta gainerako parte-hartzaileen begiradapean bete behar dute 15 x 15 laukiko taulatzarra. Itxuraz, ez zion horrek asko eragin Izari, eta 18 minutuan eman zuen lana bukatutzat. Akasgabe, hirugarrenez. Hondarribian jarraituko du txapel preziatuak.

Behinola, lagun baten ametsa zen Kaixo! aldizkaria sortzea, prentsa arrosaren esparruan kokatua, euskal celebrityen gorabeherez jardungo zuena. Bada, egitasmo haren omenez, ekar dezagun lerro hauetara nor izan zen finalean lehia gehien estutu zuena: Xabier Azkue, txapeldunaren bikotekidea. Hitz Gurutzatuetako House of Cards bihurtzeko arriskua du honek. Lau minutuko eskaseko aldea besterik ez zen izan bien artean, eta adi, hitz gurutzatuen modako bikotea izan baitzen finaleko proba akatsik gabe burutu zuen bakarra.

Sailkapenean hurrengoak izan ziren Aitor Fernandez de Martikorena, Beñat Intxauspe, Xabier Dorrontsoro eta Oier Zulaika. Finalista guztiek diru-sari koxkor bana eraman zuten etxera, eta Alberdania argitaletxearen 30 euroko bale bana ere bai. Ainara Maiak, irundar onenak, Oarsobidasoko Hitzako urtebeteko harpidetza jaso zuen. 9. postuan geratu zen Maia, probak presa handirik gabe baina fin-fin osatuta.

Dotore aritu ziren estreinakoz gazte batzuk; ez zuten finala urrun izan. Egunean Behin-eko lagunek eskainitako publizitateari esker iritsi omen ziren Iruna. Inpugnazio-saiakeraren bat ere egon zen, olgetan-benetan, baina Joxan Elosegik, brau, berehala ebatzi zuen afera. Elosegirekin broma gutxi: bera da euskarazko denbora-pasen maisua; txapelketa honen sortzailea eta proba-egilea hasieratik bertatik.

Parte-hartzaile bakar bat ere ez zen esku-hutsik itzuli etxera: Eusko Labelen eskutik lote bana jaso zuten: poltsa-motxila bat, oliba-olioa eta sukalderako mantala. Eusko Labelekoei galdetu genien dozenaka loteren truke zer nahi zuten, gehiegixko iruditzen zitzaigula-eta, eta ea zer ateratzen zuten haiek. Argi ikusi zuten: “Interesatzen zaigu hor egotea, ze, azken finean, Irunez ari gara, euskaraz ari gara”. Beste hizkuntza bat, arrotz zaidana, baina neure hizkuntzan eman nizkion eskerrak.