Kursaal Eszena
Non: Donostiako Kursaal Jauregian
Noiz: 2025eko urri eta abendu artean
----------------------------------------------------------------------------------
Uda azkar pasatu zaigu, oraindik buruan ditugu Musika Hamabostaldian gozatu ditugun kontzertu zoragarrien akordeak, baina udazkeneko denboraldian pentsatzen joan behar dugu, ziur musika klasikoko proposamen bikainekin gozatzeko aukera izango dugula. Udazkeneko proposamen guzti hauen artean, Kursaal Eszenak planteatzen dizkigunak komentatuko ditut. Aspaldidanik, Kursaalek ikuskizunen programazio propioa garatzen du, betiere kalitate eta ospe handikoa, eta horien artean musika klasikoak atal garrantzitsua du.
Hiruhileko honetan, urritik abendura, galdu behar ez genituzkeen lau kontzertu bikain entzun ahal izango ditugu atal klasikoan. Hori bai, hiperklasikoak dira (abangoardiari kontzesio txiki batekin), baina balio segurua dira, zalantzarik gabe.
Hasteko, urriaren 22an zuzendari magiko eta erabat karismatiko horietako batekin egingo dugu topo: Philippe Herrewegherekin. Musikari belgikarrak Orchestre des Champs Elysées zuzenduko du, Beethovenen sinfonien integralaren zikloaren barruan (Kursaal Eszenak denboraldi ezberdinetan banatuta eskaintzen duena), 5.a eta 6.a eskaintzeko. Ez da zuzendari honek Beethoveni buruz duen ikuspegi berezia Donostiara ekartzen duen lehen aldia. Garaiko instrumentuak erabiltzen dituen Orchestra of the Age of Enlightenment taldearekin batera, Beethovenen sinfonien integrala interpretatu zuen Musika Hamabostaldiaren aurreko edizioetan. Oraingo honetan, eta oso bestelako orkestra batekin batera (nahiz eta garaiko instrumentuak ere erabiltzen dituzten), ñabardura eta kolore ezberdinak entzun ahal izango ditugu.
Azaroaren 7an, Mihkail Pletnev, piano-jole errusiar onenetako bat, entzun ahal izango dugu. Urteak dira Donostia bisitatu ez duela, baina gurekin egon den bakoitzean oso aho zapore ona utzi du. Musikari osoa da, orkestra-zuzendari handia ere bai. Pianista gisa, benetan kamaleonikoa da, obra bakoitzari nortasun berezia ematen diona. Jenio bat.
Egitaraua, klasikoa klasikoen artean: Bach, Schumann eta Grieg. Besteak beste, Schumannen Kreisleriana poliptikoaren poetikaz gozatu ahal izango dugu.
Eta abangoardiako ukitua XVII. mendeko obra batekin iritsiko da, kontraesana dirudien arren. Henry Purcellen The fairy queen (Maitagarrien erregina), Shakespeareren Udako gau bateko ametsa lanean oinarritutako erdi-opera ederra, hip-hopa eta dantza garaikidea protagonista izango dituen koreografia batek apainduko du. Les Arts florissants taldeak eta Compagnie Käfig baletak magia ekarriko digute Kursaalera.
Eta hiruhileko programazioa abenduaren 17an amaituko da, Gabonen inguruan falta ezin den obra batekin. Bachen Gabonetako Oratorioa, Il Gardellino Orchestraren eta Kataluniako Palau de la Músicaren Cor de Cambraren eskutik, Paul Gerhard, Martin Lutero eta Johann Rist idazleen testuekin, Itun Berriaren kontakizunera hurbilduko gaitu, Bachen musika ederraren bitartez.
Azken finean, lau kontzertu Kursaal Eszenaren eskutik, azken tarte hau urte amaierara arte eramangarriagoa egingo digutenak. Ez itzazue galdu.