Frantziako Estatuak Palestinako Estatua formalki aitortu zuen astelehenean NBEren biltzar nagusian. Bere horretan, urrats inportantea, diplomatikoki pisutsua: 193 estatuetatik 158k dute orain ezagutzen Palestinako Estatua, eta azken ezagupen horiekin Mendebaldeko estatu aberatsak lotu dira aspaldian, 1980. hamarkadan, abiaturiko aitorpen ariketari: Frantzia bezala, Erresuma-Batuak, Australiak, Kanadak, Belgikak, Luxenburgok, Maltak, Andorrak eta Portugalek ere dute horren alde egin irailaren 21-22 honetan. Bestela erranda, NBEko kideen %80ak du Palestinako Estatua aitortzen eta NBEko Segurtasun Batzordeko bost kideetatik lauk.
Sinbolikoki indartsua da, Israelen bakartzea irakurri daitekeelako. Baina, sinbolikoki azkarra izanda ere eraginik gabekoa da, hain justu, bosgarren horrek –AEBek– beto eskubidea izanik, Palestina NBEko kide izateko prozesu orori bidea mozten ahalko diolako iraganean bezala, geroan ere.
Gaur egun estatu behatzaile estatutua du Palestinak Nazio Batuen Erakundean. Alta, ezin izan du New Yorkeko bileran egon, AEBek bisarik ez zielako onartu 80 bat palestinar ordezkariri. Bi estatuen aterabidea hauspotzeko helburua zuen gailurrean ezin izan du, beraz, parte hartu gatazkaren bi aldeetariko batek. Hori ere sinbolo azkarra, eta diplomatikoki erran-nahi handikoa.
Kontua da bakearen aldeko sinboloentzat lekurik ez dela genozidio baten erdian. Beranduegi dator urratsa. “Beranduegi” hitza agertu da azken egunetako analisia kritikoetan. Emmanuel Macronek ez du “genozidio” hitza ahozkatu, Israelek bideratu kolonizazio ilegala ere ez du aipatu –Netanyahuk plazaraturiko Zisjordaniaren anexiorako planaren aipamen izpirik ez–. Hitz bakoitza xeheki neurtuta osaturiko hitzartzea osoki entzun beharrekoa da; hain justu, hitz bakoitza xeheki neurtuta osaturiko hitzartzea delako... Palestinaren autodeterminazio eskubidearen gainetik jartzen du Israelek bakean bizitzeko duen eskubidea: “Ziur gaude aitortza hori dela Israelentzat bakea ahalbidetuko duen irtenbide bakarra. (...) Palestinako Estatuaren aitortza hori porrota da Hamasentzat, baita gorroto antisemita piztu, obsesio antisionistak elikatu eta Israelgo estatuaren suntsiketa nahi duten guztientzat ere” gisako esaldiak kausitzen ditugu. Anitz. Israel babestu, Israelek duen legitimitatea berretsi, hots, sionismoa bururaino eraman. Eta guztia bakean bizita. Ezinezkoa. Hitzen eta errealitatearen arteko aldea nabarmena da Macronen diskurtsoan.
Azken urteetako arma salmenta handiena bideratu zion 2024ean Frantziak Israeli: 27,1 milioi eurorentzako salmentak
Eta guztia genozidio baten erdian. Day after-az –hurrengo egunaz– aritu da luze eta zabal, hau da, su-etenaren biharamunaz, baina zer dio Before day-az –bezperako egunaz–? Edo bestela erranda, nola iritsi gaitezke Gazarako su-etenera? Horri dagokionez ere hitz ederrak, baina zero neurri konkretu. “Desplazatutako, zauritutako, gosez hildako, traumatizatutako ehunka mila pertsonaren bizitzak” gogoan hartu ditu, baina drama geldiarazteko erabaki izpirik ez. Su-etenari buruzko negoziazioak geldian dauden honetan –Israelek eraso egin zielako irailaren 9an Qatarren bilduak ziren bakearen aldeko palestinar negoziatzaileei– eta NBEko ikerketa batzorde batek genozidioa badela berretsi duen honetan, ez du hondamendia gelditzeko neurri konkretu bakar bat ere hartu.
Hori ere azpimarratu dute Frantziatik Palestinaren aldeko elkartasuna bideratzen dabilen Urgence Palestine kolektiboko kideek: genozidioa eta kolonizazioa geldiarazteko neurririk ez bada hartzen, ez du ezertarako balio Macronen diskurtsoak. Urgence Palestine, Frantziako Gobernuak ilegaltzat jotako kolektiboa dela oroitarazi beharra dago.
Frantzian Palestinaren aldeko dinamika oro delako gogorki debekatuta eta zigortua: Gazan pairaturikoa salatzeko manifestazioak legez kanpokotzat zituzten estatuen artean genuen Frantzia 2023ko urriaren 7aren biharamunetan eta herriko etxeetan, Parlamentuan edota karrikan bandera zabaltzea debekaturik da. Pentsa, UJFP Frantziako judu antisionisten elkarteko kideen etxeak ere ditu berriki miatu Poliziak, dokumentu guztiak hartuz eta elkartearen banku kontua itxiaraziz. Palestinaren aldeko sostengu keinu oro antisemitismotzat jotzen duelako Frantziako Gobernuak. Beraz, paraleloki estatu aparatuko buruak Palestinako Estatua ezagutu izanak mesfidantza sortzen die. Sinesgarritasun gutxi duelako. Sinesgarri gutxi eta mespretxu gehiegi bere baitan dituen palestinar diasporako herritarrentzat.
Azken urteetako arma salmenta handiena bideratu zion 2024ean Frantziak Israeli: 27,1 milioi eurorentzako salmentak. Hasteko, eta berehalakoan, salmenta horiek gelditzea da galdetzen zaiona Macroni. Genozidio bat dagoelako martxan eta egun guztiek dutelako berebiziko inportantzia Gaza hiria itsusiki bonbardatzen ari diren honetan. Milioi bat palestinar ziren abuztuan bertan bizi, NBEren arabera. Diskurtsoan mehatxu epel bat egiten dio Netanyahuri, baina inolako ultimatumik gabekoa: “Gerra amaitzeko eta bakea negoziatzeko jarriko dituen neurrien arabera egokituko ditugu, Europako kideekin batera, Israelekiko kooperazioak”. Zehaztasunik gabeko adierazpen potolo bat. Hori bai: “Europako kideekin batera” zehaztapenak bere garrantzia du, biztanleriaren %60 ordezkatzen duten estatu kideen gehiengoaren onespenarekin hartu beharko direlako neurriak. Oraingoz, lasai egon daiteke beraz Israel. Segi dezake bere garbiketa etnikoarekin.
Macronen diskurtsoan Mendebaldearen jarrera inperialista ikusten duenik ere bada. Biharko Palestinaren osaketari buruzko jarrera inposatzailea deitoratu daitekeelako
Mendebaldearen jarrera inperialista ikusten duenik ere bada. Biharko Palestinaren osaketari buruzko jarrera inposatzailea deitoratu daitekeelako: Hamasi eskatzen zaio "Gazako zerrendan agintea erabiltzeari utzi eta bere armak Palestinako Aginte Nazionalaren esku uzteko", hauteskundeak ere bideratzea, “trantsizioko administrazioa" osatzea, Palestinako Aginte Nazionalari "gazte palestinarrak" ere juntatuta. "Egonkortze misio bat" ere aipatu du Frantziako presidenteak, NBEko Segurtasun Kontseiluak onartu beharko duena, beti ere "Israelgo agintarien baimenarekin". Guztia, baita palestinarren bizi politikoa ere, Israelek nahi duenari segi eta AEBen betoaren menpe.
Mahmud Abbas Palestinako presidenteak ere hitz egin du ostegun honetan, Israelek bideratu gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak salatuz, antisemitismo oro gaitzetsiz, Palestinako Estatuaren aitortzak eskertuz eta gogorki hitz eginez Hamas erakundearen kontra. Eskuak lotuta ditu: Israelen menpe, palestinarren arteko gatazkak ahulduta, lidergo eta sinesgarritasun gutxirekin Palestinan berean... eta gainera, nazioartean ere, online hitz egin beharrean bere geroaz, AEBek horrela erabakita.
Gazako kazetari Ramou Abou Jamousen oharrarekin buka dezakegu NBEaren biltzar nagusian egindako adierazpenaren analisia: "Jende anitzek galdetzen dit nire eta Gazako palestinarren iritzia estatu palestinarraren aitortza horiei buruz. Gazako palestinarren iritzia? Sufrimenduan itoak dira. Ez dute lortzen miseriapetik burua ateratzen. Mendebaldeko herrialdeek estatu palestinar bat onartu dutenik ere ez dakite. Eta jakingo balute ere, seguru asko bost axola lieke. Etenik gabeko sarraskien erdian dira, milaka lagunek ihes egin nahi dute, eta aterpe bat aurkitu, bonbardaketen azpi horretan. Familia osoak itota daude pobreziaren sufrimenduan. Jendeak ez du dirurik. Emazteen bitxiak saltzen dituzte. Beren ondasun guztiak saltzen dituzte. Ihes egin ahal izateko. Nora joateko? Ez dakite".