argia.eus
INPRIMATU
Historiaurreko lekukoa
  • Badira urruneko beste garai batzuetako irudiak gogorarazten dizkiguten animaliak. Horien artean, ezpairik gabe, gaurko protagonista nagusienetako bat da. Ez diegu aurpegirik jartzen, bere gorputzaren egitura nagusitzen baitzaigu.

Iñaki Mezquita Aranburu 2025eko azaroaren 10
Iñaki Mezquita Aranburu
Kukurutxa (Oniscidea)

TALDEA: Krustazeoa / Isopoda.
NEURRIA: 10-20 cm, espeziearen arabera.
NON BIZI DA? Leku ospel eta hezeetan.
ZER JATEN DU? Landare eta animalien hondakinak.
BABES MAILA: Ez dago babestuta.

Kukurutxaren gorputza burdin jantzi batek estaltzen duela dirudi, xaflek osatzen dute. Eta gainera, xafla horiek arriskuaren aurrean edo leku gutxi dagoenean bildu daitekeen egitura bat osatzen dute. Hara non gogora datorkigun Erdi Aroko zaldun gerlari bat! Bere kolorazioa ere batera dator irudimen horrekin, espezie asko grisak dira-eta. Izen zientifikoak, sarritan, irudiaren berri ematen digu, eta bada kukurutxa espezie bat Armadillidium vulgare izena duena. Jakina, armadilloak ere badu bere “burdin jantzia”, baina tamainaz aparte, lau hanka ditu eta bola bat egiteko gaitasunik ez!

Antzinako garaiak ekartzen dizkigu burura bai, baina berehala (edo lehenago agian) “bitxobola” bitxi horren irudia etortzen zaigu burura. Naturaren babeserako oparia. Hala ere, badira Familia honetako espezie batzuk bolatxo bat bilakatzeko gaitasunik ez dutenak.

Kukurutxak ez dira intsektuak, krustazeoak dira, karramarroak edo langostak bezala. Bere azala aldatu egiten dute, hazi ahal izateko: exoeskeletoa dute. Baina azala aldatze hori ez da beste izaki batzuetan gauzatzen dena bezalakoa, bi fasetan betetzen baita. Lehenengoan, gorputzaren atzeko erdialdea aldatzen da, eta gero, bigarrenean, aurrealdea, burua dagoena, alegia.

Krustazeo txiki hauek leku ospel eta hezeetan bizi dira. Naturan, beti bezala, ez dago kasualitate edo kapritxorik. Halabeharrez gertatzen da, bere hankek hezetasunarekin kontaktuan egon behar baitute arnasa hartu ahal izateko. Landare eta animalia hondakinez elikatzen badira ere, azpimarragarria da animalien hondakinak jaterakoan, sarraskijale modura, betetzen duten garbitze funtzioa. Beraz, gizakiontzat onuragarriak direla esan behar dugu.

Kukurutxa arrak eta emeak daude, haien ugalketa sexuala da. Bi sexutako aleak oso antzekoak dira begi-bistan, sexu-organoak eta ugaltze aparatua alde batera utzita, noski. Emeek, kanguruen antzera, enbrioiak garatzeko eta garraiatzeko poltsa bat dute (martsupioa). Kume gazteek, heldutasunera ailegatu aurretik, sei hanka pare dituzte. Heldutasunean, berriz, kukurutxek zazpi hanka pare izaten dituzte, bere gorputzaren segmentuko bana.

Etxeetan kukurutxak azaltzea, beraz, hezetasunaren iragarpen bat da. Sarritan, geletako kondentsazioak dakarrena. Hezetasuna kendu ahala kukurutxak ere desagertuko dira, ez dugu inongo tratamendu edo lan berezirik egin behar.

Kretazikoan garatu ziren, krustazeo txiki hauen jatorria itsasoan dago, beste hainbeste animaliaren antzera.