Berotegi efektua eragiten duten gasen emisioak inoiz baino bizkorrago ari dira hazten Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen azken txostenaren arabera. Erregai fosilen industriari boikota egiteko deiak ere indarra hartzen ari dira.
Basta! webgunean irakur daitekeenez, %2,2 hazi dira urtero klima aldaketaren eragiletzat jotzen diren gasen emisioak 2000. urtetik 2012ra bitartean, aurreko hiru hamarkadetan baino askoz gehiago –urteko %0,4 igotzen ziren emisio horiek 1970etik 2000ra bitartean–.
Zenbakien larritasuna ikusirik Christiana Figueresek, Nazio Batuen Erakundeko Klima Aldaketari buruzko Konbentzioko idazkari exekutiboak, petrolio industria jo du errudun. “Esperimentuen eta aldaketa marginalen garaia bukatu da”, ohartarazi die erregai fosilekin lan egiten duten enpresa handiei.
Ez da Figueresena afera honekin kezkatuta berriki hitza hartu duen nazioarteko figura bakarra. Desmond Tutu Bakearen Nobel saridunak erregai fosilen industria boikotatzeko deia egin du Apartheidaren aurka egin zen bezala. “Ez dauka zentzurik gure etorkizuna minatzen duten enpresetan inbertitzeak”, adierazi du Tutuk.