Labrit Tours irizpidedun turismoa jarri du martxan Labrit Ondarea elkarteak. Hainbat bisita gidatu egingo dituzte Iruñean, "historia, bitxikeriak, zoko-moko ahaztuak, gizon-emakume isilaraziak" erakusteko asmoz. Izan ere, Iruñeko kaleak "liburu eta iturri ofizialetan aipatzen ez diren istorio ttipi eta handiz josita daude".
Kultur ondare ez-materialaren bilketa eta transmisioa du xede Labrit Ondarea elkarteak eta egitasmo honekin gure iraganaren aztarnak ezagutu eta ulertzeko beste modu bat bultzatu nahi du. Enrike Diez de Ulzurrun kazetari eta itzultzailea eta Gaizka Aranguren kazetaria arduratuko dira turismo bisita hauek sortu eta gidatzeaz.
Oraingoz, bost ibilbide proposamen dituzte prest: Euskal literatura Iruñean mendez mende ("Iruñeko euskal idazleek utzitako ondarea, haien bizitza, ibilbidea eta lanak. Egungo liburu ofizialetan, erdal ikasliburuetan eta karrika-izenetan tokirik ez dutenak..."); Lingua Navarrorum ("euskarak gure hirian mendez mende izan duen indarra erakusteko ibilbidea"); Sanferminak ("ibilbide honetan entzierroaren sorrera eta gorabeherak ezagutuko dituzu, ezagutu ere jaien jatorria"); Iruñea Hiri Buruzagi ("Iruñearen, Euskal Herriko hiriburuaren, irakurketa historiko-politikoa egiteko ibilbidea"); eta Ibilbidea zure modura.
Gaur arratsaldeko 19:00etan egingo dute ekimenaren aurkezpena, Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean. Ibilbideen lehenengo datak noiz izango diren ere bertan iragarriko dituzte.