argia.eus
INPRIMATU
Historia ez-objektiboaren alde

Imanol Satrustegi Andrés 2023ko irailaren 06a
Leopold Von Rankeren erretratua, 1875, Adolf Jebens. By Julius Schrader (Wikimedia Commons)

Inor ez da harrituko esaten badut giza- eta gizarte-zientziak gutxietsiak daudela egungo kapitalismo berantiarrean. Gero eta ospe okerragoa dute antropologiak, soziologiak, etnografiak, filosofiak, literaturak edota historiak. Ekonomikoki errentagarriak ez direlakoan, askok ikasketa prozesuetatik kendu nahiko lituzkete.

Halaber, errentagarri ez izateaz gain, historiari leporatzen zaio doktrinatzailea, manipulatzailea eta ideologizatua izatea. Batzuen ustez, historiako eskoletan gertakari historikoak buruz ikasi beharko lirateke eta test erako azterketen bidez ebaluatu, makina neutro eta objektibo batek zuzendu ditzan.

Pentsaera hori ez da berria, izan ere XIX. mendetik heldu da gutxienez. Leopold von Ranke (1795-1886) historialari positibista alemaniarra izan zen historiari zientzia izaera eman nahi izan zion lehendabizikoa. Objektibotasuna bilatu nahian gertaera historikoak «egiatan gertatu izan ziren eran» kontatu behar zirela defendatu zuen. Esaldi hura gogoan hartuta historia neutro eta objektiboa aldarrikatzen dute askok.

Alabaina, historia ezin da iraganeko gertakizunen zerrendatze hutsa izan. Nire ikasleei azaldu ohi diet, ez dugula horiek buruz ikastera mugatu behar (eta ondorioz ezin direla test huts baten bidez ebaluatu). Historialariok gertakariak azaltzeaz eta interpretatzeaz arduratu behar dugu; hots, gertakari horien arrazoi, ondorio eta abarrei buruz galderak egin behar dizkiogu geure buruari; eta hor datoz, batzuen ustez, manipulazioak eta doktrinatzeak.

Gainera, historialariok aspaldi gainditu genuen objektibotasunaren eztabaida, gauza jakina baita horrelakorik lortzea ezinezkoa dela. Izan ere, historiagintza orainaldiaren eta iraganaren arteko elkarrizketa bat da, atzoari gaur-ko ikuspegitik begiratzen diogu. Bestela esanda, orainaldiko erronkei erantzuteko begiratzen dugu atzera, eta beraz, momentuko interesek, kezkek, eta pentsaerek gurutzatzen gaituzte. Erabateko objektibotasuna ezinezkoa dela onartzeak, ordea, ez du esan nahi zorroztasunari eta metodo zientifikoari uko egiten diogunik.

Rankek esaldi borobil hura esan bazuen ere, modu literalegian interpretatu izan da sarri. Ranke bera historiako gertakariak interpretatzearen eta azaltzearen aldekoa zen, diziplina historikoari objektibotasun zientifikoa ematen saiatu zen arren. Gainera, ezin dezakegu esan saxoniarra historialari erabat neutroa eta objektiboa izan zenik. Marseillesaren oihartzunak oraindik aditzen ziren XIX. mendeko Europa hartan, elite berri eta zaharrek iraultzaren mamuari beldur izugarria zioten. Ranke elite horien mesedetan aritu zen: bere lana baliagarria izan zen sortzen ari zen gizarte burgesa bermatzeko eta jaio berria zen estatu-nazio alemaniarra legitimatzeko. Kurioski, gaur egun ere interpretaziorik eta gaitasun kritikorik gabeko historia neutro eta objektiboa nahi dutenak aldaketa sozialaren beldur direnak izaten ohi dira; Ranke bezalaxe.