argia.eus
INPRIMATU
Hirugarren gradua kendu eta berriro espetxeratu dute Joseba Borde
  • Hirugarren gradua kenduta, Basauriko espetxera itzuli da Ugaoko euskal preso politikoa. Espetxe Zaintzako Epaitegiak errekurtsoa ebatzi bitarte espetxean jarraitu beharko du.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko ekainaren 02a
Asier Karrera presoaren gradu aldaketa salatzeko mobilizazioa otsailean. Argazkia: Sare

Joseba Borde Ugaoko preso politikoa Basauriko espetxera itzuli zen ostegunean, hirugarren gradua kendu ostean. Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarren graduaren aurka helegitea aurkeztu zuen fiskalak eta Espetxe Zaintzako Epaitegiak errekurtsoa ebatzi bitarte bertan egon beharko du. 20 urte egin ditu kartzelan 64 urteko preso ugaoztarrak. 2019an bete zituen zigorraren hiru laurdenak.

Sarek hasarrea adierazi du, eta preso politikoen espetxe ibilbidea laburragoa izan ez dadin “oztopoak baino ez dituztela jartzen” azpimarratu du. Bada, Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumena bere gain hartu zuenetik, 42 preso politikori onartu zaie hirugarren gradua eta horietatik 29ren kontrako errekurtsoa jarri du fiskaltzak.

Egoera salatzeko, ekainaren 9an 20:00etan manifestaziora deitu du Sarek Ugaoko herriko plazan.