Hirugarren eguna: Fiskalak galdetu, ‘Txelis’-ek hitz egin

  • Egunkariaren kontrako epaiketaren hirugarren egunean bi dira gako nagusiak. Bat: ETAko buruzagi ohiek ukatu egin dutela erakunde horrek inolako zerikusirik izan zuenik Egunkariaren sorreran. Bi: Fiskalak lehen aldiz galderak egin zizkien deklaratzen ari zirenei.


2010ko urtarrilaren 13an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02

Atzoko saioan Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis-ek esandakoak zeresan handia eman du eta hedabide nagusietan azaldu da: Egunkariak ETArekiko zuen “linea kritikoa txalotu” zuen ETAko buruzagi ohiak eta euskal amarauneko hainbat artikulu irakurtzeak erakunde horretatik “aldentzeko” balio izan ziola gaineratu zuen. Bestalde, fiskalaren galdera bati erantzunez, esan zuen ETAk ez zuela “inoiz inolako egunkaririk edo tankerakorik sustatu”. Euskal presoak Dignidad y Justicia eta AVTk deituta deklaratu zuten arren, haien esanek oraindik gehiago ahuldu dute akusazioaren tesia eta defentsen eta fiskalaren postura indartu dute. Hain zuzen, Gara egunkariak gogorarazi du preso horiek 18/98 sumarioan gauza antzekoa esan zutela Egin egunkariari zegokionez.

Miguel Angel Carballo fiskala orain arte isilik egon da epaiketan; “galderarik ez” izan dira bere hitz bakarrak. Jarrera erosoa hartu du, baina aldi berean koherentea auzia artxibatzeko bere eskaerarekin, Iñaki Uriak ARGIAri azaldu dion bezala (2.214 zk.). Horregatik, atzoko egunean ETAn ibilitako kideei galdezka aritzea sorpresa izan zen. Bere tesia frogatzeko galdera zehatz batzuk egin zituen, ez besterik, eta auzian noraino inplikatua dagoen erakutsi du keinu horrekin.

Bestalde, saioaren hasieran guardia zibil ugarik hitz egin zuten, lekuko bezala, atxiloketa uneaz, miaketez eta abar. Gehienek operazioaren “normaltasuna” azpimarratu zuten erantzun laburren bidez. Adierazgarria izan zen horietako batek euskaraz zuen ezagutzan abokatuak nola estutu zuen: guardia zibilak telefonozko euskarazko hainbat entzuketa itzuli eta laburtu zituen, baina onartu zuen ez zuela elkarrizketa bat jarraitzeko adinako euskara mailarik. Hain zuzen, defentsen perituek diote sumarioko euskarazko itzulpenak kaskarrak direla eta horietan oinarrituta ez dagoela epairik ematerik.

Epaiketak urtarrilaren 25ean jarraituko du eta gehienez ere hilaren 27ra arte luzatuko da. Ondoren alde bakoitzak bere txostenak aurkeztuko ditu.

Epaiketaren orain arteko nondik norakoak jarraitzeko:

- Egunkariaren kontrako epaiketaren jarraipena ARGIA.com-en (2009-12-11)

- Mariano Ferrer: “Zer arraiogatik erabaki du Auzitegi Nazionalak ahozko epaiketara iristea?" (2009-12-14)

-Egunkariako auzipetuak: “Absoluzioa, ez dugu beste emaririk ontzat emango” (2009-12-15)

-Lehen eguna: auzipetuek akusazio guztiak ukatu zituzten (2009-12-16)

-Bigarren eguna: Guardia zibilak epailearena egin zuenekoa (2009-12-17)

-Iñaki Uria: "Zer kalte egin die Egunkariak Dignidad y Justicia eta AVT-ri?" (2010-01-12)


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude