argia.eus
INPRIMATU
Hiru urteko kartzela zigorra jarri diete zortzi ekintzaileri 2011n Parlament-a inguratzeagatik
  • 2011. urtean Kataluniako Parlamentua inguratu zuten zortzi ekintzaileri hiru urteko kartzela zigorra jarri die Espainiako Auzitegi Gorenak. Estatuaren goi erakundeen aurkako delitua egotzi diete. Parlamentuak onartu behar zituen murrizketen aurka protesta egiten ari ziren.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko martxoaren 17a

Lehenago Espainiako Auzitegi Nazionalak emandako absoluzioak bertan behera utzi ditu zati batean Gorenaren sententziak. Horrenbestez, hogei ekintzailetik zortzi zigortu ditu eta beste hamabi absolbitu.

Sententzia ez da ahobatezkoa izan eta kontrako boto partikular bat egon da. “Sententzia politiko erabat argi baten aurrean gaude”, adierazi du auzipetuetako baten abokatu Eva Labartak La Directak jaso duenez.

Auzitegi Gorenaren sententzia batek boto partikular bat izatea “ez ohikoa” dela uste du Labartak eta Konstituzio Auzitegian jarriko duten errekurtsoari begira “oso positiboa” da datu hori bere ustetan. Errekurtsoa aurkeztearekin eta boto partikularraren existentziarekin, Konstituzio Epaitegian sententziarik egon arte zigorra jaso dutenak ez espetxeratzea espero du.

Ekintzaileen lehenengo absoluzioaren aurkako helegitea jartzea Fiskaltzak, Manos Limpiasek, Generalitateak eta Kataluniako Parlamentuak adostu zuten.

Bartzelonako Sant Jaume plazan kontzentrazioa deitu dute 20.00etan. Gironako Generalitatearen egoitzaren aurrean beste kontzentrazio batera ere deitu dute 20:30ean.

Sarean #JoTambeEstavaAlParlament traola erabiltzen ari dira elkartasuna adierazteko.