argia.eus
INPRIMATU
Sanferminetan taldean bortxatu zuten emakumearen datuak zabaltzeagatik, hiru urteko espetxe zigorra Josele Sánchez kazetariari
  • 2016ko Sanferminetan taldean bortxatu zuten emakumearen identitatea ezagutzera eman zuen Josele Sánchez kazetariak 2018an, artikulu baten bidez hainbat datu argitaratuz. Ekintza horrengatik, Murtziako Auzitegi Nazionalak hiru urteko espetxe zigorra, 15.000 euroko kalte ordaina eta denbora batez kazetari gisa jarduteko debekua ezarri dizkio. Epaia ez da behin betikoa, eta honen aurkako helegitea aurkez daiteke.

Amaia Lekunberri Ansola 2023ko urtarrilaren 11
Sanferminetako talde bortxaketaren gaineko epaia ezagutzean Iruñean egindako mobilizazio feminista (Argazkia: Ekinklik)

Hiru urteko espetxe zigorra eta 15.000 euroko kalte ordaina. Hori da Murtziako Auzitegi Nagusiak Josele Sánchez kazetari eta La Tribuna de Cartagena hedabide digitaleko zuzendariari ezarritako zigorra, 2018an argitaratutako artikulu baten harira. Izenburu gisa Yo no te creo (Nik ez dizut sinesten) zeraman artikuluan 2016ko uztailaren 7 goizaldean Iruñeko Sanferminetan taldean bortxatu zuten emakumearen identitatea ezagutarazi zuen, haren datu pertsonalak eta argazkiak publiko eginez. Izen-abizenak, NAN zenbakia, etxeko helbidea, zein unibertsitatetan ari zen ikasten eta argazki parea jarri zituen irakurlearen eskura. Epailearen arabera, argazkietako batek "izaera bereziki apalesgarri eta iraingarria" du gainera.

Sánchezek argitaratutako informazioak erasoa jasan zuen emakumearen osotasuna bakarrik ez, bizia ere baldintzatu du. Izan ere, emakumearen pribatutasuna hausteak berriz eta etengabe indarkeria pairatzera eraman zuen. Internet bidez mezu anonimoak jasotzen hasi zen, irain eta mehatxuen jo puntu bilakatuta. Ondorioz, emakumeak bizitokia eta herrialdea utzi behar izan zituen, eta atzerrira jo. Ikasketetan ere etena egin beharrean ikusi zen.

Artikulua Marcos Larrazabal izengoitiarekin sinatu bazuen ere, gerora aitortu izan du egilea bera dela Sánchezek. Hala egin zuen, adibidez, 2018an El Plural agerkari digitalari egindako adierazpenen bidez: hedabideari jakinarazi zion egindakoa erabat legezkoa zela bere begietara, eta talde bortxaketagatik akusatutakoen errugabetasun-presuntzioaren defentsan idatzi zuela idatzitakoa. Artikulua publiko egin zen unean, ordea, Nafarroako Probintzia Auzitegiak emana zuen auto bat, debekatzen zuena salaketa jarri zuen emakumearen identitatea ezagutzera eman zezakeen edozein datu argitaratzea.

Zigorra indarrean egon bitartean kazetari gisa jardutea ere debekatzen dio autoak Sánchezi. Halere, sententzia ez da behin betikoa eta helegitea aurkez dezakete.

Faxismoa atze-oihal

Aipatu El Plural-i egindako adierazpenekin batera, bortxatutako emakumeari buruzko informazioa zabaltzen lehenak beste batzuk izan zirela ere jakinarazi zuen Sánchezek, Daily Stormer web-orriari erreferentzia eginez. Eskuin muturreko ideologia hedatzen duen web-orria da, AEBetan sortu arren Espainian gaztelerazko bertsioa duena. Alt-right edo 'eskuin alternatiboa' deritzona da bertan argitaratzen den informazioaren egilea eta publikoa, eta besteren artean, feminismoa dute jopuntuetako bat. Ildo faxistakoa da Sanchez ere, eta parte hartu izan du Europako eskuin muturraren bilkuretan, La Vanguardiak argitaratutako albiste honetan jasoa dagoenez. Informazio horren arabera, falangeko kide ohia ere bada.