argia.eus
INPRIMATU
Hiru urteko alokairu kontratuak itzuliko dira Hego Euskal Herrira, Kongresuak Espainiako Gobernuaren dekretua atzera botata
  • Araudi berria hilabete eskas egon da indarrean. Orain, 2013ko Hiriko Alokairuen Legea aplikatuko da ostera, hiru urteko kontratuak egitea ahalbidetzen duena dekretuak ezartzen zuen bost urtekoen ordez.

IƱigo Igartua @igartua19 2019ko urtarrilaren 23a

Espainiako Kongresuak atzera bota du Pedro Sanchezen gobernuak proposaturiko etxebizitza dekretua. Alokairuen kontratuen epea hiru urtetik bost edo zazpi urtera luzatzea ahalbidetzen duen arren, prezioen igoerak ez ditu mugatzen.

PP, Ciudadanos, Elkarrekin Podemos, ERC eta EH Bilduren kontrako 241 botorekin ezerezean geratu da Espainiako Kongresuan.

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak adierazi duenez, “ez diogu babesik emango proposamen honi, ez baititu mugatzen gehiegizko prezioak eta ez ditu geldiaraziko geroz eta gehiagotan ematen diren etxegabetzeak alokairua ez ordaintzeagatik. Espainiako Gobernuak ez du alokairuaren merkatuan eragin nahi”.

Irene Montero Unidos Podemoseko diputatuaren iritziz, “prezioen igoerak murriztu ezean kontratuak luzatzeak ez du zentzurik”. Hala ere, negoziatzen jarraitzeko ateak zabalik utzi ditu.

Jose Luis Abalos Espainiako Gobernuko Sustapen ministroak oharatarazi du, "horrelako aukerak aurkeztu egiten dira eta ondoren, aprobetxatzen dira edo ez”.

Abenduaren 19tik orain arte sinatu diren alokairu kontratu berriek bost eta zazpi urteko luzapena izaten jarraituko dute.