argia.eus
INPRIMATU
Hiru soldadu estatubatuar hil dituzte Jordania eta Siria arteko mugan, dron bidez eginiko erasoan
  • 34 soldadu daude zaurituta. Iranek ukatu du erasoarekin inolako loturarik izatea, eta Irakeko Erresistentzia Islamikoak aldarrikatu du erasoa.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 29a
Biden, igandean emandako prentsaurrekoan. // Argazkia: AP agentzia

Hiru soldadu estatubatuar hil eta 34 zauritu dituzte dron baten bidez egindako erasoan. Siria eta Jordaniaren arteko mugatik gertu, Jordaniako Defentsa Sareko 22. dorreko laguntza logistikoko basean gertatu da erasoa, AEBetako presidente Joe Bidenek igandean jakinarazi duenez. Irakeko Erresistentzia Islamikoak bere gain hartu du erasoa, Iranek, ordea, bere inplikazioa ukatu du.

Etxe Zuriak komunikatu bat zabaldu du, eta adierazi du “badakitela” nork burutu duen: “Eraso honen xehetasunak biltzen ari bagara ere, badakigu Sirian eta Iraken jarduten duten muturreko talde militanteek egin zutela”.

Jordaniako Gobernuko Komunikazio ministro Muhannad Mubaidinek adierazi duenez, ordea, Jordaniatik kanpo gertatu zen erasoa, eta Siriako Al Tanf basearen aurka zegoen zuzenduta.